Euskotrenek 32 milioi bidaiari izan zituen iaz, 2009an baino %6 gehiago

Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak dio are «lehiakorragoa» egingo duela zerbitzua Donostialdeko metroak

Euskotreneko tren bat, Lasarte-Oria inguruan, zubibide baten gainean. MADDI SOROA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Euskotrenek nabarmen egin zuen iaz gora bidaiari kopuruan; Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak plazaratutako datuen arabera, 32 milioi bidaiari izan zituen, 2009an baino %6 gehiago. Atzo egin zuen iazko jarduneko datuen aurkezpena Eusko Jaurlaritzak, Donostian. Bidaiari kopuruan gora egin arren, trenaren hautua egin zuten bidaiarietan beherakada izan zela aitortu behar izan zuen Arriolak: 2009an 17,1 milioi bidaiari izan ziren, iaz 16,7.Aldea %2,6koa da. Beherakada horren zio nagusia, zerbitzua hobetze aldera Gipuzkoako hainbat trenbide zatitan egiten ari diren obrak direla pentsatzen du Arriolak, «eragozpenak» izan baitira zerbitzuan erabiltzaileentzat lan horien ondorioz. Nolanahi ere, bidaiari kopuruan marka guztiak apurtu direla eta, pozik dago.

Tren, tranbia, autobus eta funikular zerbitzuak eskaintzen ditu egun Euskotrenek. Iaz 16,7 milioi bidaiari trenean ibili ziren, 9,8 milioi tranbian eta 5,4 milioi autobusean. Herrialdeka, bidaiari gehienak Gipuzkoan izan zituen Euskotrenek: 13,5 miloi. Atzetik datoz Bizkaia eta Araba: 11,5 eta 7 milioi bidaiarirekin, hurrenez hurren. Iazko datuen irakurketa ekonomikoa ere baikorra dela nabarmendu du Arriolak; hasiera batean kalkulatutako defizita 4,6 milioi euroan murriztea lortu dutela jakinarazi du.

Tren zerbitzuan egiten ari diren obrak bukatutakoan, gainera, datu hauek nabarmen egingo dute hobera Arriolaren iritziz. «Obrak purgatorioa dira», azaldu du, «emaitza bikainen atarikoa». Donostialdean metroa martxan jartzen dutenean, esaterako, zerbitzu hori urtean 30 milioi bidaiarik erabiliko dutela kalkulatzen dute Euskotreneko buruzagiek, eta askoz zerbitzu «lehiakorragoa» izango dela. Lasarte-Oria, Donostia eta Hendaia (Lapurdi) batuz egun topoak eskaintzen duen zerbitzuko bidaiari kopurua bost aldiz handituko dela diote. Gipuzkoan txartel bakarra ezartzean, halaber, bidaiariek gora egingo dutela uste dute; eta aldaketa hori aurki izango dute alde, urtea bukatu baino lehen indarrean jartzeko asmoa baitago.

Metrorako sarbideak

Bide batez, Donostialdeko metro egitasmoa errealitate bihurtzeko bidean dela erakusten duten albisteak ematen segitzen du Jaurlaritzak. Orain, metrorako sarbideen diseinua izan dute hizpide. Bilboko metroko sarbideak, aski miretsiak, Norman Foster arkitekto ezagunak diseinatutakoak dira, eta Donostiakoak hautatzeko ere lehiaketa goi mailakoa antolatu dutela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Ernesto Gascok. Haren arabera, hasiera batean 117 diseinu jaso zituzten eta horietatik 35 hautatu dituzte lehen sailkapenean. «Kalitate handikoak». Orain, 35 horiek are galbahe zorrotzagotik igaroko dituzte, eta apirilaren hasierarako bosteko bat aukeratuko dute. Azkenik, diseinu horiek, nazioarteko sona duten beste bost diseinatzaileren proposamenekin jarriko dituzte lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.