Bizitza bukaerako prozesua betidanik izan da tentuz jorratu beharreko gaia. Une latzak dira, eta alboratzeko joera dago sarri; ahaztekoa, bazter batean lagatzekoa. Hari mutur asko ditu: eskubideen arteko talka, lehentasunak, sufritzen ari den pertsona, haren senideak, erizaina... Hala ere, lehenago edo geroago heldu beharreko gaia da, «heriotza bizitzaren parte» baita. Horrela deritzo Rosalia Mirandak. Nafarroan hazitakoa da, eta Gasteizen bizi da egun; 65 urterekin, Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko EAEko elkarteko presidentea da. Argi mintzo da: «Ez dezagun ahantz eriak ere badirela herritar. Politikariak behartuta daude esku hartzera».
Zer da duintasunez hiltzea?
Norberak erabaki ahal izatea noiz hil nahi duen. Pertsona bakoitza gure gorputzaren eta bizitzaren jabe gara; zer egin erabakitzeko eskubidea dugu, beraz. Eutanasia gaixotasun larriekin dago lotuta, gehiegizko sufrimendua sortzen duten horiekin. Alabaina, ez soilik sufrimendu fisikoarekin. Ohe batean mugitu eta altxatu ezinik egotea ere eutanasia galdegiteko motibo izan daiteke. Azken finean, zaintza aringarriaren eskutik kontrola ezin daitezkeen eritasun gehienak har daitezke gogortzat.
Eutanasia legeztatzearen alde zaude? Zergatik?
Lehenik, Espainiako Zigor Kodea moldatu behar da: eutanasia eskatzen ari den gaixo bati laguntzeagatik jasota dauden zigorrak kendu behar dira. Izan ere, laguntza ematen dutenei kartzela zigorra ezar diezaiekete. Horren ostean, eutanasia arautzeko lege bat osatu beharko lukete Espainiako Gorteek. Premiazkoa dugu, baina lan eskerga dago egiteko. Herritarren %80 alde ditugu. Gizarte osoaren behar bati erantzuten dio.
Orduan zergatik ez da arautzen?
Alderdi politiko gehienen koldarkeria hutsagatik. Ausardia falta zaie eutanasiaren arazoa betiko konpondu ahal izateko. Badakigu kontra dauden taldeek mamuak eta beldurra zabalduko lituzketela ez legeztatzeko. Herritarrak engainatzera joko lukete.
Zein urrats egin behar dira?
Dibortzioarekin eta homosexualen ezkontzekin antza dauka. Gizartean behar bat zegoen, eta legeztatu egin zituzten. Orain, berdin. Eutanasiaren alde badaude, hauteskunde programan txerta dezatela eskatzen diegu. Gustatuko litzaiguke arazorik ez edukitzea, baina saihetsezina da. Arazoa hor dago; aurre egin behar diogu.
Zure irudiko, zein modutan legeztatu beharko litzateke?
Politikoki, gainontzeko legeen gisara. Orain arte gaia ukatu izana ez da aitzakia. XXI. mendeko eskubide bat da eutanasia, eskubide moderno bat. Legea zaintza aringarrian oinarritu beharko litzateke. Dena dela, zailtasunak daude: zaintzari buruzko eskubideak ez daude behar bezala legeztatuta. Sekulako eragozpena da eutanasia eskubidea arautzeko bidean. Kontu frankotan atzean geratu gara, eta berdin gertatuko da eutanasiarekin ere. Pena handia da.
Bizitza amaierako prozesua samurtuko luke arautzeak?
Erabat. Prozesua autonomoagoa izango litzateke, gutxienez ere. Herritarrok gure heriotzaz erabaki ahalko genuke oztoporik gabe.
Informazio aski du gizarteak?
Heriotza bizitzaren parte da, prozesu berekoa. Heriotza eskubidea bizitzako funtsezkoenetako bat da. Nola hil? Bakoitzak nahi duen erara. Informazio falta dagoela? Bada, hitz egin dadila, egin daitezela eztabaidak...Hori da nahi duguna. Erizain eta herritarroi hausnartzea dagokigu. Politikariak, ordea, derrigortuta daude esku hartzera. Hasteko, ikerketa sakon bat egin beharko lukete, jakiteko jendea nola hiltzen den: zenbatek eskatzen dute urtean eutanasia? Egia ezagutzea funtsezkoa da.
Nola landu ohi duzue eutanasiaren gaia elkartearen barruan?
Elkarte laiko eta akonfesional bat gara, eta, gure iritziz, eutanasia giza eskubide bat da, nahitaez erreparatu beharreko kontua. Inguruko herrialdeak aurreratuago doaz, hango politikariek arazoari aurre egiteko borondatea baitute.
Munduko zein herrialde dauzkazue eredugarri?
Belgikan, kasurako, ezin hobeto dute arautua eutanasia: nork jaso dezakeen, zein baldintzatan, juridikoki nolako mugak dauden gehiegikeriak saihesteko, nork egin ditzakeen azterketak... 2002az geroztik dago onartuta; oso ondo neurtua, gainera. Ezinbestean ulertu behar da eriak bere nahia adierazteko ahalmen guztia duela. Gaizki pasatzen ari bada, botika konposatu bat jasotzeko laguntza galdegin dezake. Belgikan ez ezik, Herbehereetan, Luxenburgon eta Suitzan ere legeztatuta dago gaur-gaurkoz.
Erizainek isunak jaso ditzakete. Zein erantzukizun dute uneon?
Funtsezkoa. Haiek dira eriei dosiak jar diezazkieketenak. Legeek oso ondo eginda egon behar dute, medikuek lasai jardun dezaten.
EH Bilduk heriotza duinerako lege proposamen bat aurkeztu du, juridikoki dagoen «hutsunea» betetzeko. Zer deritzozu?
Egitasmo ona iruditzen zait. Aberasgarria da, alderdiak gai honetako hutsuneez gogoeta egitera bultzatzen baititu. Eztabaida eragiten du; gizartean kezka piztea gutxienekoa da. Txalogarria da.
Nolanahi ere, badira eutanasia arautzearen kontra daudenak, zaintza aringarriarekin aski dela diotenak. Ados al zaude?
Eutanasia legeztatzeak ez dio inori minik egiten; legerik ezak, ordea, bai. Gaixo ugarik trantze estua pasatu behar izaten dute, eta lagundu egin behar diegu. Gaixoak ez dira gaixoak soilik. Ez dezagun ahantz herritarrak ere badirela. Arautzeak, gainera, ez dakar betebeharrik; borondatezkoa da. Gaizki pasatzen dutenen egoera samurtzea du xede. Edonori gerta dakiguke ezbehar bat izatea etagauetik egunera bizitza aldatzea.
Baionan Nicolas Bonnemaison epaitzen hasiko dira etzidamu, zazpi eri «pozoitzea» leporatuta.
Ez dut kasua ezagutzen. Bakarrik esan dezaket eutanasia galdegitea gaixoaren erabakia dela, inoiz ez artatzen ari den medikuarena.
Rosalia Miranda. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea taldeko burua
«Eutanasia legeztatzeak ez dio inori minik egiten; legerik ezak, ordea, bai»
Hil gura duenak horretarako «autonomia» duela uste du Mirandak, eta arauak jartzeko sasoia dela dio, «gizarte osoaren» behar bati erantzuten diolakoan. Gaia jorratzeko «ausardia falta» leporatu die indar politikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu