«Bizitzako beste gauzekin bezala, heriotzarekin ere erabakitzeko eskubidea izan behar dugu». Luis Montes (Salamanca, Espainia, 1949) medikuaren hitzak dira. Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Espainiako Elkartearen burua ere bada Montes. Dena den, Madrilgo Severo Ochoa erietxean hilaurrean zeuden gaixoei lasai hiltzen laguntzeko botikak emateagatik salatu zutenean egin zen ezagun. Azkenean salaketa artxibatu egin zuten. «Egoki jardun genuen. Sufrimenduak ez du zentzurik. Are gutxiago hiltzerakoan», dio. Herenegun Iruñean izan zen hitzaldi bat ematen, Duintasunez Hiltzeko Nafarroako Elkarteak gonbidatuta.
Zuk beti aipatu izan duzu heriotza ezin dela agoniari lotuta egon. Nola lor daiteke hori? Zertan lagundu dezakete medikuek?
Heriotza zerbait naturala da, eta modu askotara gerta daiteke. Kasu batzuetan, jakina da gaixoa hil egingo dela, ez dagoela zer eginik. Halakoetan, medikuaren lehen zeregina da gaixoari eta haren senideei informazioa ematea. Betiere modu ulergarri batean, eta sentiberatasunez. Gaixo hori ondo hilko dela bermatzeko funtsezkoa da hori. Behin hori eginda, haien nahia errespetatu behar da. Batzuek, dituzten sinesmenengatik, erabakitzen dute ezer ez egitea, eta zain egotea hil arte. Gehienek, ordea, uste dute sufrimendua alferrikakoa dela. Azkartu nahi dute heriotza prozesua, eta minik eta agoniarik gabe gertatzea. Medikuari dagokio hori erraztea, gaur egun makina bat baliabide terapeutiko daudelako horretarako.
Horretan garrantzi handia dute zaintza aringarrietako profesionalek. Nola ikusten duzu haien lana?
Argi izan behar da zer diren zaintza aringarriak. Gaixoaren bizia luzatzen tematu gabe, geratzen zaion denboran ahalik ondoen egon dadin da xedea. Bizia ondo amaitzen lagundu behar diote gaixoari, eta haren senideei. Oro har, primeran funtzionatzen dute, baina jende askori beldurra ematen dio horietara jotzeak. Osasun profesionalok pedagogia gehiago egin behar dugu.
Espainiako Gobernuak zaintza aringarriak eta heriotza duina arautzeko legearen aurreproiektua aurkeztu zuen. Azkenean ez da onartuko, legegintzaldia amaitu delako. Zer iritzi du proposamenaren inguruan?
Hobeto hiltzeko egiten den edozein aurrerapauso ona da. Baina salatu behar da Espainiako Gobernua behin eta berriz tematu dela esaten ez zela eutanasiaarautzeko lege bat. Gainera, gogoan izan behar da 2004tik PSOEk berehauteskunde programan daramala eutanasiaren despenalizazioaren inguruko eztabaida egitea. Baina ez du hitza bete. Hain zuzen ere, eutanasiaren inguruko eztabaida sakon, zabal eta serio batetik iritsiko da gu ondo hiltzea erabat bermatuko duen lege bat. Europako herrialde gehienetan ari dira hori egiten.
Bizitzako bestelako gauzetanbezala, izan behar dugu eskubidea heriotzaren inguruan erabakitzeko ere. Inork ez dugu merezi sufrimendurik, are gutxiago hiltzera goazenean. Nik uste dut gizartea horretarako prest dagoela, eta gehienak direla eutanasia legeztatzearen aldekoak. Politikariak dira eztabaida horri uko egiten diotenak.
Nafarroan bada heriotza duina arautzeko lege bat. Egokia da?
Zalantzarik gabe. Azken batean, Nafarroako Parlamentuak egin duena da dituen eskumenak aprobetxatuz Gaixoen Autonomiaren Legea garatu. Hobe lukete beste parlamentu batzuek hala egingo balute. Izan ere, esan bezala, herritar guztiok ondo eta duintasunez hiltzeko eskubidea izan behar dugu.
Zein kasutan egin behar da eutanasia?
Sufrimendu fisikoa eta psikikoajasaten ari diren pertsonetan, eta hori arintzeko tratamendu guztiek huts egiten dutenean. Azken batean, hilaurrenean dauden gaixoetan. Gainera, gaixoaren edo haren senidearen eskariz egin behar da, eta borondatezkoa izan behar du.
Arautuz gero, zer gertatuko litzatekekontzientzia arrazoiengatik uko egiten dioten medikuekin?
Eliza azkar hasi zen hori eskatzen. Zer gertatuko litzatekeen esatea zaila da. Baina kontuan izan behar da kontzientzia eragozpena indibiduala dela. Dena den, legeztatua egonez gero, osasun publikoak eutanasiarako aukera bermatu beharko lioke gaixoari. Zaintza aringarriei dagokienez, praktika onak arautuko lituzkeen lege bat ez betetzea zentzugabea litzateke.
Lege aldetik, gaur egun non daude aurreratuen ?
Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, gehien egiten dena lagundutako suizidioa da. Hilaurrenean dagoen edozein gaixok, hala eskatuz gero, aukera du hiltzen laguntzeko eskatzeko. Jendeak etxean bertan du horretarako aukera. Herbehereetako, Luxenburgoko eta Belgikako legeak ere bide horretatik doaz. Horietan urrats handiak egin dira.
Zuk auzitegian deklaratu behar izan zenuen, gaixoei lasai hiltzeko botikak emateagatik. Azkenean salaketa artxibatu egin zen. Nola duzu gogoan prozesu hura?
Oso esperientzia gogorra eta bidegabea izan zen. Madrilgo Erkidego Autonomoko eskuin muturreko gobernuak eta zenbait hedabidek gogor egin zuten gure aurka. Severo Ochoa erietxeko medikuok benetako gurutzebidea bizi izan genuen. Egin genuen gauza bakarra, ordea, osasun ikuspegitik egokiak diren praktika batzuk gauzatzea izan zen.
Zazpi gaixoren heriotza egotzita auzipetu dute Baionako erietxeko mediku bat, Nicolas Bonnemaison.Zein iritzi duzu horretaz?
Eskandalagarria, batez ere osasun profesionalak izan direlako medikua salatu dutenak. Senideen aldetik ez da salaketarik izan, eta hori oso deigarria eta argigarria da. Medikuek eurek zigorra eskatzea ez dut ulertzen. Gaixo haiek hiltzear zeuden, agonian.
Luis Montes. Medikua
«Eutanasiaren arautzearen eztabaidari uko egiten diotenak politikariak dira»
Heriotzak agonia gabekoa izan behar duela defendatzen du Luis Montes medikuak. Orain sei urte salatu egin zuten Madrilen, oso larri zeuden gaixoekin egoki ez jokatzea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu