Uholdeak. Gipuzkoa

Ez da barerik izan ekaitza pasatuta

Donostiako Martutene auzoaren inguruan izan dituzte kalte handienak uholdeengatik: etxeetako goiko solairuetara ere sartu da uraIrunen urak eramandako gizona hilik agertu da; Derioko emakume bat desagertuta dago

Andre bat, atzo, Martutenen, etxetik ateratako altzariekin. JUAN CARLOS RUIZ /ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ekaitzaren ostean barerik ez da izan Gipuzkoan. Gorabehera handiko goiza izan zen atzokoa Urumea ibaiaren arroan, Hernanitik behera. Donostian izan zituzten komeria handienak, Martutene auzoan. Eguerdi arte guztian aritu ziren lanean suhiltzaileak etxeetatik ura eta bizilagunak ateratzen. 2.400 pertsonak jasan dute uholdeen eragina auzo horretan, Donostiako Udalaren arabera. Argirik gabe ziren herenegun arratsaldetik, eta, zer diren paradoxak, edateko urik ez zuten.

Ordutik, igande arratsaldetik, leiho ertzetik begira-begira egon da Rosario Arano. 74 urte ditu, eta senarrak, 81. Hiru solairuko etxea daukate, eta azkenekora igota mintzo da, leihotik. «Garajera soilik ez, lehen pisuko etxera ere sartu da ura, metro eta erditik gora. Goiko solairura etorri gara, alabarenera», dio. «Ez dugu horrelakorik gogoratzen; senarrak 81 urte badaramatza hemen, eta ez du halakorik ikusi. 1983an ere ez».

Azken solairuko eskaileretan dago alaba, ura hustera noiz etorriko diren zain: «Lehen, garajean soilik sartzen zen ura, eta pasatakoan ateratzen zen. Orain, errepide berria egin dute, eta handik barrena etorri zaigu». Moldatzeko lanak dituzte: «Soka bati lotuta sartu behar izan dugu jatekoa», dio alabak. «Aitak oxigenoa hartzen du, eta makina hondatu du urak. Zer egin behar dugu?».

Eguerdia da, eta ez da suhiltzailerik haien etxean. Ondokoan ari dira, lamadiak erabiliz jendea ateratzen. Irten berri da Vicente Gil. Erraina bizi du etxean. «Argazkiak ateratzera sartu gara suhiltzaileekin, aseguruarenak egiteko». Etxeko andrearen semeak sartu dira gero: «Atea itxi dugu, norbait sartuta ere. Dena hondatu da; pentsa zer indar duen urak, gurea eta alboko etxea banatzen zituen horma ere bota baitu». Orain zer, egin du galdera. «Botatzekoak dituzte etxe hauek. Zertarako konponduko ditugu, bi urte barru bota behar badituzte? Hobe dute orain aprobetxatu, eta bota».

Eskolarik gabe

Txomin-Enea ingurutik Astigarraga alderako bidea hartuta, ez daude gauzak hobeto. Arantzazuko Ama eskolan ez zuten eskolarik atzo. «Eta hurrengo egunetan ere ez da izango, ostegun-ostiralera arte». Zuzendaritzako kideak soilik daude han, lokatz artean, ikastetxearen atarian. 300 bat ikasle dauzkate. «Ez dira etorri; Bazekiten zer zegoen», dio Amaia Jaio zuzendariak. Ez da gutxiagorako: liburutegia, jangela, gelak... Kalteak begi bistan daude; ordenagailuak ere harrapatu ditu urak. Gisa berean gertatu da inguruko Arteleku museoan; ura sartu da, eta gailuak hondatu ditu. Zehatz ez dakite oraindik zenbaterainoko kalteak dauden. Itxi egin dute, eta ez daukate irekitzeko egunik.

Eskola inguruan gasolindegia dauka Jesus Mari Jauregik. «Guztia zakarrontzira doa», esan du, pila batzuk eskuan dituela. Salgai zeuzkan. «Gasolioa botatzeko makina guztiak hondatuta daude, eta gasolioa bera ondo itxita egotea espero dut». Añarbeko uren eragina izan dela ziur dago Jauregi: «Bazekiten bi egunetan latzak egingo zituela, eta nola ez zituzten aurretik ireki ateak?». Martutenen ibaiaren bidea zabaldu behar dela nabarmendu du. «Badakizu zer gertatzen den? Jende gutxi garela eta ez gaudela erdialdean».

Negozioa aurrera ateratzeko itxaropen gutxiago du Lijia Velasquesek. «Honekin ezin da ezer egin. Ezer gabe geratu naiz». Taberna erosi berri zuen. «Guztia jarri nuen honetan, eta orain ezer gabe nago». Barran gora pasa da ura; sukaldeko hozkailu handia ere dantzan ibilia du. Asegururik ez du. «Norbaitek lagunduko ahal dit. Gu libratu gara behintzat».

Ibaian gora ere arazoak

Izan baitira okerragoak. Irunen, gizon baten hilotza aurkitu zuten atzo; errekak eraman zuen herenegun arratsean, baratzera joana zelarik. Bidasoa ibaian azaldu zen hilik, ikastolaren parean. 77 urte zeuzkan. Derion (Bizkaia) 65 urteko emakume baten bila ari dira; Asua ibaia miatzen ari dira.

Irun inguruan harro jaitsi ziren urak, eta gehiago Oiartzualdean. Herenegun argirik gabe geratu ziren dozenaka oiartzuar, eta auzoetako hainbat bide, etenda; Errenterian ere sartu zen ura. Tolosaldean izan da arrastoa. Amarotz auzoan, Tolosan, hainbat eremu putzutu ziren, eta arazoak izan ziren Villabonan eta Zizurkilen ere, eta, behera, Usurbilen. Urumeak, Donostian ez ezik, kalteak utzi ditu Astigarragan eta Hernanin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.