Bilboko Gotzaintza bere egin du berriki Mario Izetak (Gernika, Bizkaia, 1965). Orain bi urte eta erdi izendatu zuten gotzain laguntzaile, eta urriaren 11tik da gotzain. Euskara ikasten jarraitzen du oraindik ere, ahaztuxea ekarri baitzuen. Kazetaria ez du hartu bulegoan, «agenda bete-betea» duela argudiatuta; posta elektronikoz erantzun ditu galderak.
Bi urte eta erdi dira Bilboko Elizbarrutira etorri zinela. Zein egoeratan dago Bizkaiko Eliza?
Bilboko Elizbarrutia Eliza gaztea da: orain 60 urte sortu zen. Laikotza prestatua, ekintzailea eta konprometitua garatu da. Nabarmena da karitatearen zerbitzua elizbarrutian. Guztiz garrantzitsua da, era berean, Elizak hezkuntza esparruan egiten duena, eta terrorismoaren amaierarako eta bakearen eraikuntzarako duen konpromiso zehatza. Ordea, makaltasun batzuk ere badauzkagu: belaunaldi berriei fedea transmititzeko zailtasuna, eta abadetzarako, biziera kontsakraturako eta laikoen karismetarako bokazio gutxi edukitzea, esaterako.
Apaiz eta eliztar askok susmoa erakutsi dute zure izendapena dela eta.
Elizbarrutiak laugarren Ebanjelizatze Egitasmoa sustatzen dihardu. Horixe da Elizbarrutiak 2013ra arte daukan jomuga. Egitasmo bikaina da, errealista, zentzuzko diagnostikoaren ostean eratu zena eta helburu itxaropentsuak dituena. Hori da indarrean dagoen norabide pastorala, eta ni horrekin konprometituta nago.
Zure eta Munilla jaunaren izendapenak ikusita, eliztar askok eskatu dute demokrazia eta parte-hartze handiagoa erabaki horiek hartzean.
Gure Elizbarrutian, berau osatzen dugun guztiok eta bakoitza erantzunkidetasunaren bidetik goaz. Bizkaiko Elizan ohikoak dira ebanjelizatzean zuzenean esku hartzea eta erantzunkidetasun erakundeetan eta Elizbarrutiko mailetako kontseiluetan parte hartzea. Gure Elizbarrutiko karisma eta sentiberatasun desberdinen aberastasuna batzen eta aprobetxatzen ikasi behar dugu.
Zure izendapena eta Munilla jaunarena eskutik joan direla uste duzu?
Vatikanoan, hainbat gauza hartzen da kontuan gotzainen bat izendatzen denean: elizbarruti jakin baten behar eta ezaugarriak, gotzain jakin baten ezaugarri eta mugak... Eta hori guztia aintzat harturik, lekuko eliza batek bizi duen une eta abagunea ikusita, Jainkoaren Herriaren zati hori ondoen zerbitzatuko duen pertsona izendatzen saiatzen dira.
Zuek elizbarrutietatik kanpo egin dituzue ikasketak. Ez litzateke egokiagoa elizbarrutiko bertako kide izan direnak egotea horrelako karguetan?
Heziketa beste seminario batzuetan edo Elizaren beste ikastetxe batzuetan jasotzea ez da eragozpena lekuko Eliza bat edo bestea zerbitzatzeko. Erroman ikasi nuen urteetan, munduko hainbat elizbarrutitan hezitako abadeekin egon nintzen, eta hori eragozpena baino gehiago aberastasun harrigarria izan zen niretzat. Dena dela, Elizbarrutiko maila guztietan giza eta kristau gaitasun handiak dituzten pertsonak dauzkagula aitortu behar dugu.
Bat egiten ote dute elkarteetako kristauek eliza hierarkiak abortuaren edo homosexualitatearen inguruan duen jarrerarekin?
Bi gai horiei dagokienez, Elizaren irakaspena argia da, eta bat dator kristau tradizioak dioenarekin: amaren sabelean sortu eta heriotza naturalarekin bukatzen da giza biziaren alderdi sakratu eta bortxaezina, eta gizonezkoaren eta emakumezkoaren arteko maitasunaren bokazioaren gauzatzea da ezkontza.
Uste duzu Elizak erantzun sendoa eta zehatza eman diela pederastia gertaerei?
Pederastia kasu horiek mina eta haserrea sorrarazten dizkigute. Kaltetuei barkamena eskatu behar diegu, ahal den neurrian egindako kaltea ordaindu, eta gure esku dagoen guztia egin horrelako gertaerarik errepika ez dadin. Adi egotea ere badagokigu, eta bitarteko guztiak jartzea, aurre hartu eta horrelakorik berriz gerta ez dadin.
Jakin du Elizak aldi berrietara egokitzen? Batzuek uste dute atzerantz doala Vatikanoko II. Kontzilioaren erabakiei dagokienez...
Vatikanoko II. Kontzilioa benetako graziazko jazoera izan zen Elizarentzat eta munduarentzat. Kontzilio horren espiritua eta hitza guztiok bete nahi ditugu. Ahalegin horretan dihardugu. Lan pozgarri eta asegarria da, baina denbora behar da Elizaren bizitza urezta eta hazia ernaraz dezan.
Une honetan, 373 apaiz daude Bilboko Elizbarrutian. Kopuru horrek ez du zerikusirik duela urte batzuetakoarekin. Zergatik? Elizak ere autokritikaren bat egin behar al du?
Kontu handiz hausnartu behar ditugu apaizgo zein erlijioso eta misiolari bizitzarako eta eliza karisma desberdinetarako bokazioen urritasunaren kanpo zein barneko arrazoiak. Prest egon behar dugu beti kontzientzia azterketa sakon, zintzo, aske eta egiazkoa egiteko.
Apaizik ezean, herri batzuetan, emakumeek egiten dituzte igandeetako mezak. Oraindik ezin dute eukaristia eman. Bokaziorik ezak eramango du Eliza emakumeak apaiz gisa onartzera?
Sarritan aztertu izan dute gai hori aita santuek eta fedearen irakaskuntzarako kongregazioak. Paulo VI.ak Inter insigniores agiria onartu zuen, eta Joan Paulo II.ak Ordinatio sacerdotalis izeneko agirian erantzun zion gai horri. Bi agiri horiek eta teologo ospetsuek haien inguruan egin dituzten iruzkinak irakurtzeko eskatuko nieke eliztarrei. Joan Paulo II.ak, bukaeran, hauxe zioen hitzez hitz: «Elizak ez du eskumenik emakumeak apaiz ordenatzeko eta ebazpen hau behin betikotzat hartu behar dute eliztar guztiek». Hitz horiei men egitea dagokigu.
Komunikabide batzuek argitaratu dutenez, Vatikanoak argi berdea eman dio euskal eliza probintzia sortzeari. Zer dakizu?
Niri behintzat ez zait horrelako berririk iritsi Vatikanotik. Argi dago antzerako ezaugarriak dituzten elizbarrutietan egokia dela jarduera bateratua, elkarri lagundu ahal izateko eta egitasmo pastoralak elkarrekin bultzatzeko. Une honetan, gure Bilboko elizbarrutia Burgosko eliza probintziaren barnean dago Gasteiz, Palentzia eta Soriakoarekin batera. Donostiakoa, ordea, beste probintzia batean dago. Ez da erraza, esaterako, Bilbo, Gasteiz eta Donostiaren artean jarduera pastoral bateratua sustatzea, zuzenbidean eliza probintzien inguruan jasotzen dena kontuan hartuta, batzuen eta bestearen metropoli-egoitzak desberdinak direlako.
Nolako harremana duzu Donostiako, Gasteizko, Iruñea-Tuterako eta Baionako gotzainekin?
Gure harremana oso ona, erraza eta ohikoa da. Izendatu ditugun elizbarruti horietan hainbat arlotan lagun diezaiokegu elkarri. Lankidetzan jarduten dugu, denoi dagozkigun egoera, erronka, itxaropen eta eragozpenei aurre egiteko bide eta helburu berdinak jartzen ahaleginduz. Gure elizbarrutiaren bizitzako alderdi asko elizbarrutiarteko esparruan kudeatzen dira.
Gotzain berriok egingo duzue, aurrekoek bezala, egoera politikoari buruzko idazki pastoral bateraturik?
Prest gaude alderdi garrantzitsuetan eta gure gizarteak unean-unean gehien eskatzen dituzten gaietan batera jokatzeko. Une honetan, guztiok biziki kezkatzen gaituen krisi ekonomikoa lantzea jo dugu egokientzat.
Ekintza pastoraletik at, ba ote du Elizak betebeharren bat baketzean?
Ez ditugu nahastu behar Elizaren berariazko eginkizuna den pastorala eta gizarte edo estatuko erakundeei dagokien jarduera politikoa. Elizari lan pastorala dagokio beste guztien gainetik. Gainerako kontuak politikari eta bidezko erakunde politikoei dagozkie, eta nik hor ez dut eskumenik.
Prest zinateke balizko bake prozesu baten bitartekari moduan edo beste lanen batean parte hartzeko?
Gaur-gaurkoz, behintzat, ez dut horri buruzko eskaririk izan.
«Ez da nahastu behar Elizaren lan pastorala eta erakundeen jarduera»
Taldea osatzen eta gotzain karguaren ardurei tamaina hartzen ari zaie oraindik Mario Izeta Bilboko gotzaina. Bizkaiko eliztarren arteko sentiberatasun desberdinak aberastasuna dakarrela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu