'CAN auzia'. Miguel Sanzen deklarazioa

Ez daki, ez da gogoratzen

Miguel Sanzek Batzorde Iraunkorrean 39.028 euro kobratu zituen, baina epaileari esan dio ez ziola arretarik jartzen kopuruariGezurra esatea leporatu dio Roberto Jimenezi, iraunkorraren berri bazuela adierazi baitu

Miguel Sanz, atzo, epailearen aurrean deklaratu ondotik, kazetarien aurrean adierazpenak egiten, auzitegi barruan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Nire adierazpena bakarrik izanen da zuei, kazetarioi, adierazteko oso pozik nagoela gauzak argitzeagatik». Epailearen aurrean hiru ordu eta erdiko adierazpen luzearen ostean, Miguel Sanzen ahotsean ez zen poztasunik islatzen atzo; bai, ordea, urduritasun handia. Miguel Sanzek Gabriel Urralburu presidente ohia inputatu zuteneko irudia saihestu nahi izan zuen, eta garajetik sartu beharrean, atari nagusitik sartu zen. «Pasabideetako zigorra» jada jaso duela esanda, komunikabideen aurrean azpimarratu zuen inputatua izatea ez dela ezer arraroa. Bere izen ona aldarrikatu nahi izan zuen: «Ni inoiz ez naiz aberastu. Inoiz ez. Sekula ez. Eta nire lan guztia beti izan da Nafarroaren alde eta parte hartu ditudan erakunde guztien alde».

Maria Paz Benito epaile instruktorearen aurrean, istorioa desberdina izan da. Fiskalaren, epailearen eta bere abokatuaren galderei erantzun zien, eta erantzun gabe utzi zituen Arantza Izurdiaga Kontuz-eko abokatuaren eta Diego Paños UPDko abokatuaren galderak. Batzorde Iraunkorra 2010eko abuztuaren 31tik 2011ko irailaren 26ra bitartean zortzi egunez hamasei aldiz bildu zen eta 39.028 euro kobratu zituen, baina deklarazioaren arabera, Sanzek ez zion «arreta jartzen» CANen jasotzen zuen diru kopuruari. Dieten kopuruaz gain gainerako auzirik polemikoenetan, zalantzati azaldu da eta bere defentsa estrategia memoriaren hutsunetan oinarritu da. Deklarazioan, hitzik errepikatuenak «ez daki, ez da gogoratzen» izan dira. Arazo bat dauka Sanzek, ordea. Bere bertsioak talka egiten du martxoaren 8an Alberto Pascual idazkariak azaldutakoarekin.

1. Batzordearen sorrera

Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorra nola eta noiz sortu zen argitu nahi du epaileak. 2010 hasieran, Espainiako Ekonomia Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren artean berritu zituzten estatutuak —aurrezki kutxa guztien artean, Nafarroako Kutxa bakarra zen formula juridiko hartan—: Politikariak gobernu organoetatik atera, eta Gobernuaren zein Iruñeko Udalaren izenean, Erakunde Sortzaileen Batzordea osatu zen. Han ez zegoen Batzorde Iraunkorraren aipamenik. Batzorde ofizialean esertzen ziren gobernuko hiru kide, Udaleko beste hiru eta Parlamentuko lau legebiltzarkide.

Nola sortu zen Batzorde Iraunkorra? Sanzen arabera, Batzorde ofizialaren 2010eko ekainaren 21eko lehen bileraren aktan jasota dator, «informazio bilkurak» egingo zirela. Bere deklarazioan Sanz ez da oroitzen jakinarazi ote zitzaien batzorde ofizialeko kideei nortzuk osatuko ote zituzten bilkura haiek, baina dio «normalena» zela presidentea, presidenteordea eta Iruñeko alkatea egotea.

Hala, 2010eko abuztuaren 31n Batzorde Iraunkorraren lehen bilera egin zen, eta Sanz, Yolanda Barcina, eta Alvaro Miranda eseri ziren. Sanzek erantzun du «hor egoteko esanguratsuenak» zirelako aukeratu zituela.

2. Legalitatea

Epaileak argitu nahi izan du batzordea legediaren arabera egin ote zen. Berez, 2011ko ekainaren 24an onartu zen ofizialki CANen barne araudian, baina data hura arte egindako hamar bileratan araudian ez zegoen. Sanzen arabera, hasieran «informazio bilkurak» Erakunde Sortzaileen Batzorde barruan zeuden. Gero, Nafarroako Kutxako zerbitzu juridikoek araudiaren zirriborroa landu zuten 2010 urte amaieran, eta zirriborro hura administrazio kontseiluak eta kontrol batzordeak onartu zuten 2011ko otsailean. Bertan aipatzen zen lehen aldiz Batzorde Iraunkorra. eta Sanzen arabera, apirilean aurkeztu zitzaion Erakunde Sortzaileen Batzordeari.

Adierazpen horrekin, Roberto Jimenezi eta UPNko kideei gezurra esatea leporatu die zeharka. Izan ere, Erakunde Sortzaileen Batzordean Parlamentuaren izenean biltzen ziren UPNko Alberto Catalan eta Carlos Garcia Adanero eta PSNko Roberto Jimenez eta Samuel Caro. Jimenezek eta UPNko beste kide batzuek publikoki ukatu zuten bilkura haien berri zutela. Sanzen esanetan, «bilkura horien berri ez zuela esaten badu norbaitek, arrazoi politikoengatik da».

3. Antolamendua

Batzorde Iraunkorreko presidente zen Miguel Sanz, eta hemen azaleratzen dira kontraesan esanguratsuenak. Alberto Pascualek martxoaren 8an epaile instruktoreari deklaratu zion Sanz arduratzen zela zehazteaz noiz biltzen zen Iraunkorra, zer egutegi zuen eta zer eduki jorratu behar zen bileretan. Era berean, Pascualen arabera, 2010eko abuztuaren 31ko lehen bileran Sanzek berak adierazi zion «informazio bilkura bat» zela, eta egunean bi bilkura egin behar zituztela.

Sanzek kontrakoa esan du. Bere arabera, Pascualek adierazten zion Iraunkorra biltzeko nahikoa elementu eta informazio bazela, eta Sanzen idazkariarekin hitzartzen zuela data telefonoz. Epaileak galdetu dio zergatik egiten ziren egunean bi bilera, eta Sanzek erantzun du ez dakiela. Ez du gogoan «noren ideia izan zen». Bere hitzetan, hasieran eztabaidatu zuten bilkura bakarra egitea, eta gai bakoitza banaka aztertzea. Zergatik ez zen egin galdetuta, erantzun du gaiak «bereizita» jorratu beharra zegoela, baina egun desberdinetan egin zitezkeela. Orain onartu du hura «akatsa» izan zela.

Epaileak estutu egin du hemen. Aipatu dio estatutuetan jasota datorrela hainbat egun iraun arren bilera bakarra egiteko aukera dagoela. Epaileak galdetu dio zergatik egiten ziren bilera bikoitzak eta hirukoitzak. Sanzek esan du ez dakiela zergatik.

Sanzen defentsaren beste ahulgune bat hor datza. Berehitzetan, Iraunkorra sortu zen beste batzorde ofiziala hiru hilean behin biltzen zelako eta bitartean Banca Civicaren prozesuaren ondorioz Erakunde Sortzaileek jakin beharreko gauza ugari gertatzen zirelako. Jakina, batzorde ofiziala hiru hilero biltzen zen, baina horietan bilera hirukoitzak egiten zituzten, hilabete bakoitzean bakarra egin beharrean. Deklarazioan, aurrerago, Sanzek adierazi du Iraunkorrean jorratzen diren gaiak jakinarazten direla beste bilera ofizialetan, eta horregatik akten edukia berbera dela. Epaileak susmoa du aktak manipulatuta daudela, baina Sanzek egia badio, zergatik egiten ziren bilerak informazioa errepikatzeko?

4. Dietak

Gobernuak eta Udalak aurrezki kutxari buruzko informazioa jasotzeko bilkurak ziren bai Iraunkorrekoak bai batzorde ofizialekoak, eta, erabakirik hartu ez arren, goi organoen pareko dietak jaso zituzten. Iraunkorrean 39.000 euro jaso zituen eta bestean40.000 euro. Sanzen arabera, ez zion arretarik jartzen kobratzen zuen diruari. Bere hitzetan, diru kopuruak ezartzeaz arduratzen zirenengan konfiantza zuen, eta ez zegokiona ordaindu bazioten, ez da bere errua. Ideia hori sendotze aldera, bere abokatuak galdetu dio ea nor arduratzen den etxeko ekonomiaz eta Sanzek erantzun du bere emaztea. Gaineratu du ez zekiela zenbatero ordaintzen zioten. Bere ustez, dieta karguari dagokio, eta lanaren eta erantzukizunen emaitza da.

Dietak zergatik itzuli dituen galdetu zaio. Bere ustez, kontu guzti horiekin dirutza irabaztea egotzi zaio, eta bilerak legediaren barruan eta ondo oinarrituak daudela uste arren, itzultzea erabaki zuen. 2011ko ekainean presidentetza uztean, ez zegokion batzorde hartan egotea. Sanzek adierazi du Barcinak «gonbidatuta» parte hartu zuela batzorde haiek desegin ziren arte.

5. Inspekzioa

Sanzen arabera, ez zen Nafarroako Gobernuaren lana aurrezki kutxa ikuskatzea. Bai estatutuetan bai 1992ko foru dekretuan hala dator zehaztuta, baina Sanzen arabera, Espainiako Bankuak goi inspekzioa egitean gobernuak baimentzen zuen eta horrekin delegatzen zuen ardura hori. Azaldu du ez duela ikuskaritza egiteko banku inspektorerik gobernuak, eta bere ustez, gai horri buruz inoiz ez da eztabaidatu Parlamentuan. Ez da hala. 1985ean, UPNk foruen defentsa gisa inspekzioa gobernuak egin beharra defenditzen zuen sutsu. Gaur Sanzek kontrakoa dio.

6. Kontuz

Kontuzek Sanzen deklarazioa publiko egin du bere webgunean.Bere esanetan, Sanzen deklarazioan larriena da «estilo klausulatzat» jotzea inspekzioa egitea Espainiako Bankuari zegokiola. Kontuzen ustez, Sanzek hatzarekin seinalatu du Barcina eta Batzorde Iraunkorra sortzea egotzi dio. Kontuzek espero du Sanzen deklarazioak utzitako hutsuneak betetzen joango direla laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.