Politika

Ez dela eragile politiko bat erantzun dio Jaurlaritzak ETAri, azken agiriaren harira

Miren Azkarate bozeramaileak agerraldi berezia egin du, eta agirian esaten direnak gaitzesteaz gain elkartasuna adierazi die sozialistei. ETAri begira egon gabe arazo politikoak konpontzeko garaia dela agertu du.

2008ko apirilaren 2a
12:11
Entzun
ETAk ez duela inor ordezkatzen eta ez dela eragile politiko bat nabarmenduz erantzun dion Eusko Jaurlaritzak erakunde armatuaren azken agiriari. Halaber, alderdi eta erakundeei dei egin die ETAri begira egon gabe gatazka konpontzen ahalegintzeko. "Garaia da ETAri begiratu gabe gure arazo politikoak konpontzeko. ETAk ez du inor ordezkatzen. Herri honek dituen arazo politikoak eta gatazkak konpontzea herritar guztion esku dago. Herriari eta herri hau ordezkatzen duten alderdi eta erakundeei dagokie erantzunkizun hori. Berea da hitza eta erabakitzeko eskubidea, ez ETArena", esan du Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak agiriaren harira egin duen agerraldi berezian.

Besteak beste, Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi izanaren hilketa hartzen du bere gain ETAk agiri horretan, eta adierazten du PSOEko kide zen heinean hartu zuela jomugan. Ildo horretatik, "elkartasun berezia" agertu die Azkaratek, "haien kontra zuzendu baitute azken agiri hau". Edukiari dagokionez "duintasunik ezaren" adierazle da Jaurlaritzaren iduriko.

Besteak beste, "Euskal Herriaren autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideak onartuko dituen arte", Espainiako Estatuak ez duela bakerik izango ohartarazi du ETAk idatzi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.