'Zerga iraultzailearen' auzia

Ez dela inoiz ETAren eta enpresaburuen bitartekari izan ziurtatu dio Gorka Agirrek Garzoni

Espainiako Auzitegi Nazionalean inputatu gisa deklaratu du EAJko buruzagi ohiak, =i zerga iraultzailearen=i inguruko auzian. Urkulluk, Egibarrek eta Arzalluzek ere deklaratuko dute auzian, baina defentsaren lekuko gisa. Zenbait komunikabideren arabera, Joel Catala ETAren kontrako borrokako Frantziako arduraduna izan zen poliziaburuak Agirreren aldeko gutuna helarazi dio Garzoni.

2008ko maiatzaren 16a
17:02
Entzun
ETAk enpresasburuei eskatutako zerga iraultzailearen ordainketan inoiz ez duela bitartekari lanik egin ziurtatu du Gorka Agirre EAJko buruzagi ohiak Espainiako Auzitegi Nazionalean, Baltasar Garzon epailearen aurrean. Hain zuzen ere, bitartekari izatea egozten diote Garzon eta Marlaska epaileek.

Areago, ETAren gutuna jaso zutela-eta beregana jotzen zuten enpresaburuei ez ordaintzeko eta "ETAren xantaiari aurre egiteko" aholkatzen ziela agertu du Agirrek epailearen aurrean. Hala adierazi du deklarazio hartzea amaitzean Arantxa Isasmendi buruzagi jeltzalearen abokatuak. ETAri ordaintzea EAJtik egotzia izateko arrazoia zela erantsi du abokatuak.

Goizeko hamarretan iritsi da auzitegira Agirre, alderdiko hogei bat lagunek babestuta. Agirreren aurretik Jose Ramon Araolaza enpresaburuak deklaratu du, ea agertu du ETAren gutuna jasotzen zuten adiskideak Agirrerengana bidaltzen zituela, "harengan konfiantza" zuelako. 1985ean koinatua hil eta bazkidea bahitu ziotenean Agirrek emandako "babes moralaren" ondorioz sortu omen zen konfiantza hori.

Zenbait komunikabideren arabera, Agirre errugabetzen duen gutun bat ere jaso du epaileak: Joel Catala ETAren kontrako borrokako Frantziako arduradun izan zen poliziaburuak Agirre errugabetzen duen gutuna helarazi bide dio.

Nolanahi ere, Agirreren inguruko auzia ez da gaurko agerraldiekin amaituko. Aitzitik, astelehenean Iñigo Urkullu jeltzaleen egungo presidenteak, Joseba Egibar GBBko buruzagiak eta Xabier Arzalluz EAJko presidente izanak deklaratuko dute, defentsaren lekuko gisa.

2006. urtean inputatu zuten Agirre zerga iraultzailearekin lotuta. Garai hartan Baltasar Garzonen ordezko lanetan zebilen Fernando Grande Marlaskak zuzendu zuen Irungo Faisan ostatuan eginiko operazioaren ondorioz inputatu zuten EBBko kide ohia. 12.000 euroko bermea ordainduta saihestu zuen kartzelatzea.

1998. urtean abiarazi zuen Baltasar Garzon epaileak ETAren iraultza zergaren inguruko sumarioa. Hiru instrukzio fasetan dago banatuta, eta lehenengoan dago inputatua Agirre.

Gaur Agirrek deklaratuko du; Urkullu, Egibar eta Arzalluz 19an hartuko ditu Garzonek.Faisan ostatuaren jabeak, Joseba Elosuak, maiatzaren 20an deklaratuko du.

Grande Marlaska epaileak iraultza zergaren kontrako operazio handi bat abiarazi zuen 2006ko ekainaren 20an. Hilabete eskasean 18 lagun atxilotu zituzten, iraultza zerga zela-eta bitartekaritza lanak egitea egotzita. Parisko Auzitegiko Laurence Le Vert epaileak lagunduta, zortzi lagun atxilotu zituzten Lapurdin, besteak beste, Julen Madariaga eta Anjel Iturbe. Espainiako Poliziak, berriz, hamar lagun atxilotu zituen Bidasoaren bestaldean. Auziari lotuta, Jose Javier Azpiroz eta Juan Mari Saralegi enpresaburuak eta Pablo Muñoz kazetaria atxilotzeko agindua eman zuen epaileak. Gerora, aske utzi zituen.

Marlaskak Gorka Agirre EBBko kidea inputatu zuen ekainaren 25ean, eta deklaratzera deitu zuen Auzitegi Nazionalera. Baina Agirre ez zen Madrilera joan, egin berri zioten ebakuntza zela eta; Marlaskak Bilbon galdekatu zuen, ekainaren 28an. Bezperan, Arzalluz izan zen Madrilen lekuko gisa deklaratzen.

Alderdiko burukideak eta ehunka herritar lagunduta sartu zen Bilboko epaitegian Agirre. «Auzi politikoa» zela eta Marlaska bake prozesua apurtzeko ahaleginetan zebilela salatu zuten jeltzaleek. Agirreren aldeko hotsak ugariak izan ziren, bai alderdi barruan eta baita alderditik kanpo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.