hezkuntza

Ez dira sanferminak, San Grebin da

Hezkuntzako bigarren greba eguna dute gaur Nafarroan. Goizean entzierro berezi bat egin dute Iruñean, eta ondoren milaka lagun batu dira manifestazioan. Sindikatuen arabera, grebak %60ko babesa izan du; Nafarroako Gobernuak dio jarraipena %31koa izan dela. Arratsalderako merienda eta riau riau bat prestatu dute.

2012ko maiatzaren 29a
16:53
Entzun

Sanferminetarako 38 egun falta dira oraindik, baina gaur Iruñeko parte zaharrean jendea zuri-gorriz jantzita zen, eta entzierro berezi bat eta dena egin dute Santo Domingon. Hezkuntzako murrizketak salatzeko, hain justu, ez festa egiteko, M29 San Grebin ekimenak antolatuta. Irakaskuntzako bigarren greba eguna dute gaurkoa.

Entzierroaren ondotik milaka lagunek manifestazioa egin dute. Burlata, Txantrea, Iturrama, Mendillorri, Barañain eta Nafarroako Unibertsitate Publikotik zutabeak atera dira, eta Iruñeko Sarasate pasealekuan egin dute bat. Hamabi mila lagun bildu dira, antolatzaileen arabera; bost mila lagun, Poliziaren aburuz. Arratsalderako merienda eta riau riau bat prestatu dute.

Nafarroako hezkuntzako sindikatuek murrizketen aurka deitutako grebak %60ko babesa jaso du irakasleen artean, sindikatuen esanetan. 

Expe Iriarte LAB sindikatuko bozeramaileak azaldu duenez, grebaren jarraipena "gorabeheratsua" izan da, eta hilaren 22ko greba deialdiak babes handiagoa izan bazuen ere, babes "esanguratsua" izan duela nabarmendu du.

Erronkarin eta Garraldan deialdiak babes handia izan du, Iriarteren arabera, eta Iruñerrian D ereduaren barruan hilaren 22ko datu berak edo hobeak jaso dituzte.

Iribas: "Hitz egitea posible da"

Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak grebaren jarraipena %31,8koa izan dela esan du, eta salatu du grebak "ikasleak eta familiak" kaltetzen dituela.

Haren ustetan, lanuztea egin ordez "hitz egitea posible da", eta hilaren 31rako alor publikoan deituta dagoen greba bertan behera uzteko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.