Mari Paz Casanova (Egoi Alberdi atxilotuaren ama)

"Ez dira terroristak, gazteak dira"

Egoi Alberdi atxilotutako gazteetako baten amak goizean Euskadi Irratian hitz egin du. Ertzaintzaren jokabidea salatu eta horrelako egoerekin amaitzera deitu du.

2013ko apirilaren 19a
10:47
Entzun

Eztarria urratuta mintzatu da Mari Paz Casanova Faktoria saioan. Ertzaintzak semea atxilotu eta gutxira hitz egin du bizi izan duenaz. Gaua Bulebarrean eman du Alberdiren amak, semearen ondoan. Arrastaka atera dutela esan du, baina atxilotuak eraman dituztenean indartsu ikusi dituela gaineratu du. 

"Ez dira terroristak, gazteak dira, egiten dute lana, lan soziala, auzoko lanak, herriko lanak, ez dira terroristak, gazteak dira", azpimarratu du, eta horrelako egoerekin amaitu behar dela gaineratu du: "Bukatu egin behar dugu sententzia honekin, ezin dugu hori onartu".

Alberdik 25 urte ditu, eta nolakoa den azaldu du amak: "Egoi kirolaria, ikasle ona, kirola munduan aritzen da, jaiak antolatzen, etxe kalereatzeak salatzen... gazteek egiten dituzten gauzak egiten ditu", esan du. "Eraman dituzte, baina hau gelditzen da hemen, aurrera jarraituko dugu, eurekin, gure gaztediarekin".

"Arrastaka, iletik tiraka, kolpeka"

Casanovak Ertzaintzaren jarrera salatu du. Esan du ertzainek indarra erabili dutela, "doakoa, jendea lotuta eraman dute, arrastaka, iletik tiraka, kolpeka, indarrez atera dute jendea". Atxilotuek eta Aske Gunean bildutakoen erresistentzia pasiboa goratu ditu, gainera.

"Orain badakigu zer dagoen", esan du Casanovak sakabanaketa buruan, etorkizunaz galdetu diotenean. "Orain errepidera atera behar dugu, eurekin egongo gara, dauden lekuan daudela ere. Baina indartsu joan dira, lasai". Senideen kezka orain jasoko duten tratua dela azaldu du, eta lehenbailehen ikusi ahal izatea espero duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.