IRITZIA. MENPEKOTASUN LEGEAREN PROIEKTUA.

Ez du eskubidea bermatzen

ISABEL OTXOA
2005eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Dependentzia sistema nazionala ezartzen duen lege proiektua Parlamentura bidali duela iragarri du Espainiako Gobernuak. Proiektuak zaindua izateko eskubidea aitortzen omen du, eskubide publiko eta unibertsal gisa.

Proiektuari buruz prentsa komunikatuak esaten duena oinarri hartuz, honako hau da gure jarrera.

Menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiek, hots, bizitzako hainbat eginkizun beren kasa burutzeko gauza ez direnek, beharrezko duten laguntza jasotzeko eskubide osoa daukate.Zaindua izateko eskubidea deritzogu horri, familiaren laguntza eskatzera derrigortuta egon gabe, eta familia ingurua pertsonak zaintzeko beti inguru onena dela ontzat eman gabe.

Gainera, norbanakoaren eskubide hau, emakumeona den beste eskubide batekin erabat lotuta dago: besteok zaindu ala ez erabakitzeko ahalmenarekin, eta baita noraino zaindu ere.Gure ikuspuntutik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako oztopoen artean, emakumeen derrigorrezko zaintzaile rola da nagusienetakoa.

Nahiz eta eskubide unibertsal gisa aurkeztu, lege proiektuak ez du eskubidea bermatzen, ezta ere emakumeen zaintzarekiko rol aldaketa.

Onartutako eskubidea ez da unibertsala:
- Hiru urtez azpiko haurrak kanpoan utzi ditu. Adin horretako umeentzako eskola plazen eskaintza publikoa oso urria da gaur egun. Ez da kontenplatzen ere eskola oporrak, gaixotasunak eta antzeko egoerei aurre egiteko biderik.

- Diru laguntza eta Gizarte Segurantzako kotizazioa zaintze-lanak egiten dituzten senitarteei emanez etxeko zaintzei garrantzi handia egozten die, zerbitzu publiko eta anitzen sorreran lehentasun osoa jarri beharrean. Aldi berean, zaintze-lanetan aritu diren eta gaur egun aritzen diren emakumeek benetako ordain sozial eta politikoa merezi dute.

- Zaintzak esparru pribatuan izateko diru laguntzak aurreikusten dira. Zaintza pribatuak gaur egun etxeko langileen lepo izaten dira, eta etxeko lana arautzen duen legeari esker, etxeko langile hauek esklabotzatik hurbil dauden lan baldintzak pairatzen dituzte.

- Dependentzia aseguru pribatuak izenpetzea aurreikusten ari da, babes publikoaren osagarri gisa. Esperientziak dio aseguru pribatuak aseguru publikoen osagarri gisa proposatzen direnean, ideia bat dagoela oinarrian: babes publikoa ez dela nahikoa izango eta aseguru pribatua ordaintzeko beste dutenek zerbitzu egokia ziurtatuko dutela. Hori da, esaterako, osasun babesarekin gertatzen ari dena. Gainera, litekeena da gaur egun gainontzeko gizarte aurreikuspen sistema pribatuekin egiten ari den legez, aseguru pribatuek desgrabatze fiskalak, zerga-arintzea ekartzea, zerbitzu publikoa hornitzeko bilketa publikoaren kaltean.

- Bestalde, proiektuak dio erabiltzaileak zerbitzuaren zati bat ordaindu beharko duela. Ordaindu behar horrek erabiltzaileak zerbitzu publikoak ez eskatzera eramaten du, familiarteko irtenbideak bilatuz edo txarto ordaindutako etxeko langileak kontratatzera bultzatuz.

- Proiektuak 2007-2015 epea aurreikusten du sistema ezartzeko. Euskal Herriko erakundeek menpekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza bermatu behar diete gaurtik, euskal sistema publikoa ezartzea premiazkoa delarik. Horretarako ezinbestekoa da gizarte gastua igotzea (Europan, Barne Produktu Gordinaren % 27,5 da, eta, adibidez, EAEn % 20).

- Zerbitzuen unibertsaltasuna eta izaera publikoa (ez pribatua, ez kontzertatua) ezinbestekoa da, duinak eta kalitatezkoak izan daitezen, baita langileek ahalik eta era onenean lan egin dezaten.

Sinatzaileak:Etxeko Langileen Elkartea, Bizkaiko Emakume Asanblada, Plazandreok, Ermuko Emakume Asanblada, Basauriko Emakume taldea, Argitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.