Gurpil aulkian mugitzen diren edota bestelako funtzionaltasunen bat duten andreen kontrako indarkeria kasuak hiru eta bost aldiz gehiago dira, datu orokorren aldean. Zuzenak fundazioak gai horri heltzeko jardunaldiak egin ditu egunotan Gasteizen. «Maizago gertatzen dira, eta tratu txarrak askotarikoagoak dira: sexu indarkeria ez ezik indarkeria instituzionala, mediku esplotazioa eta gizarte bazterkeria ere badaude, besteak beste», azaldu du Marita Iglesiasek. Genero indarkerian eta bestelako funtzionaltasunetan aditua da.
Zeintzuk dira genero indarkeriarenkasu gehiago egoteko arrazoiak?
Gizarteak gutxietsi egiten ditu bestelako funtzionaltasunak dituzten emakumeak. Osoak ez diren emakumetzat jotzen ditu gizarteak, eta, ondorioz, errazagoa da emakume horietaz abusatzea.
Nola eragiten du mendekotasun fisikoak?
Lotura afektiboak ez ezik bestelako loturak ere sortzeko modua ematen du, eta horien bidez tratu txarrak hel daitezke. Horri gehitu behar zaio emakume asko egoitzetan bizi direla eta egoitza horietan areagotu egiten direla tratu txarren kasuak. Inguru horretan ahulagoa da pertsona, edozer egiteko instituzioaren beharra duelako.
Nola saihestu daitezke aipatzen dituzun egoitza barruko abusu horiek?
Kontrola behar da egoitzetan, hori gerta ez dadin. Aurrekontuen ikuskaritza dagoen bezala, giza eskubideen ikuskaritza ere beharko litzateke.
Egoitza barruan gertatzeak are ikusezinago bihurtzen al du arazoa?
Gaixotasuna lehenesten da. Gaixoa zara pertsona baino lehen, eta ematen du horrek eskubide urraketak pairatzea dakarrela ezinbestean; hau da, abusuak sufritzea egoera horren ondorioa dela. Horren ondorioz, guk geuk ere ez dugu geure burua tratu txarrak jasaten dituen emakumetzat hartu.
Salaketak jarri ahal izateko dauden zailtasunak ere nabarmendu dituzu hitzaldian.
Asko dira, eta etxetik ateratzeko ezintasuna da lehena. Mendekotasuna handitu ahala, ohikoagoak dira indarkeria egoerak, eta, hain zuzen ere, emakume horiek dute salaketak jartzeko zailtasun gehien. Etxetik ateratzeko norbaiten beharra dute. Tratu txarren emailearekin aterako al da? Horrek egingo al du interprete lana?
Ez dago salaketak etxetik bertatik egiteko protokolorik?
Galiziako emakume baten kasua aipatu dut; alboko esklerosi amiotrofikoaren ondorioz, ezin zen etxetik atera; salatu nahi zuen arren, inor ez zitzaion etxera joan. Inork ez zuen ikusi zer gertatzen zen bertan, haien ardura etxez etxe joatea ez zela argudiatuta.
Eta etxetik ateratzea lortuz gero?
Eraikinetara heltzeko traba asko daudela gogorarazi behar da. Dena den, zailtasun guztiak gainditu eta biktimak artatzeko zerbitzuetara helduz gero, zuzenean gizarte zerbitzuetara bidaltzen zaituzte hainbat lekutan, gizarte zerbitzuetan denetarik jakingo balute bezala.
Tratu txarren emailearen irudia zehaztearen garrantziaz ohartarazi duzu hitzaldian.
Kontuan hartu genero indarkeria ez dela soilik bikotekidearena. Gure eskarmentuaren arabera, senideen, pertsona gertukoen, sendagileen eta zaintzaileen indarkeria ere ikusi dugu. Bikotekide den edo izan den horri mugatuz gero, arazoaren deskribapen eskasa egingo da.
Bestelako funtzionaltasunekin lotutako tratu txar bereizia ere aipatu duzu zuk. Umeen tankeran tratatzea, gizarte harremanak galdu arteko gehiegizko babesa ematea, etengabe botikak ematea...
Horiek dira zailenak antzematen. Gizarte harremanak izan ezean, kanpoko munduarekin harremana izan ezean, nork jakingo du zure egoeraren berri? Nola azalaraz dezakezu? Nola alderatu dezakezu gertatzen zaizun hori beste norbaitekin? Tratu txar psikikoa oso indartsua da, etengabekoa...
Bestelako funtzionaltasuna duten emakumeak emakume gisa ez ikusteak zenbateraino zailtzen du zuen egoera?
Orain hasi gara gu emakume gisa ikusten, eta mugimendu feministak aspaldi gainditutako aldarrikapenak eskatzen ditugu orain: familia izateko eskubidea... Guretzat berriak dira gai horiek, eta eskubide hori aldarrikatzen dugu. Bizitzeko beste modu bat errespeta dezatela eskatzen dugu, eta aitor dezatela ezeztatu gaituztela. Ukatu egin digutenez, orain eskatu egiten dugu; hortik aurrera, norberak egingo du nahi duena, eta mugimendu feministarekin talka egiten dugu horietako gauza batzuetan.
Prebentzioaren ildoa landu al da?
Prebenitu aurretik arazo bat dagoela onartu behar da, eta zergatik gertatzen den. Emakumeen aurkako indarkeriaren sustraia kulturala da. Oinarrizko eskubideak errespetatzen ez diren bitartean, pertsona guztiak berdinak direla onartzen ez den neurrian, estatus ezberdinak sortzen dituen gizarte bat mantentzen jarraituko dugu.
Zein ildotan eman daitezke lehen pausoak?
Bestelako funtzionaltasunaren gaia guztioi dagokigu. Pertsona bakoitzak harreman ezberdina du munduarekin: batzuk oinez mugitzen dira; beste batzuk, gurpil gainean. Hori ez litzateke arazo bat izan behar. Arazoa da pertsona batzuk diskriminatuak direla gauzak ezberdin egiteagatik; horrek gutxiespena dakar,eta hori da tratu txarretarako eta kontrolerako hazitegia.
Alde horretatik, bestelako funtzionaltasuna duten emakumeen arretarako talde bereiziak ez sortzeko eskatu duzu.
Zaplaztekoa berdin-berdin jasoko dut nik edo gurpil aulki baten gainean ez dagoenak. Instituzioek jakin behar dute bietako edozeinek jar dezakeela salaketa. Nik bulego horretara heltzeko aukera izan behar dut, eta emakume gormutu batek keinuekin komunikatzeko aukera ere izan behar du. Hortik aurrera, protokoloek berberak izan behar dute.
Marita Iglesias. Genero indarkerian aditua
«Ez dugu geure burua tratu txarrak jasaten dituen emakumetzat hartu»
Emakume elbarriek genero indarkeriaren kasuak salatzeko dituzten zailtasunak salatu ditu Iglesiasek, eta egoitzetan bizi direnek zenbaitetan jasaten duten indarkeriari buruz ere ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu