Azkenean ez dute egingo Gasteizko autobus geltokiaren kokapenari buruzko herri galdeketa. Bildu eta PSE-EE ez dira ados jarri egunaren eta egiteko moduaren inguruan, eta, ondorioz, proposamena bertan behera geratu da. Bilduk mozioa aurkeztu zuen galdeketa egiteko, eta, hasiera batean, EAJ eta PSE-EE alde zeuden. Gaur egin dute galdeketa noiz eta nola egin zehazteko bigarren osoko bilkura.
Bilduk kontsulta herri galdeketa moduan egitea nahi zuen, eta uztailean. PSE-EEk nahiago zuen irailean egin, eta Bildu hori onartzeko prest bazegoen ere, ez dira ados jarri egiteko moduan. Izan ere, PSE-EEk nahi zuen galdeketa egiteko Espainiako Gobernuari baimena eskatzea eta lantalde bat sortzea prozesu guztia aurrera eramateko. Bilduren ustez, ordea, horrek asko atzeratuko luke galdeketa, eta salatu du zortzi hilabete beharko liratekeela egiteko.
Javier Maroto alkatea galdeketaren aurka zegoen. Haren arabera, ez zen beharrezkoa, eta argi utzi zuen ez zuela dirurik jarriko hura egiteko. Orain, haren asmoa da geltokia Euskaltzaindiaren plazan kokatzeko tramiteekin jarraitzea.