Hegazti Gripearen EAEko Jarraipen Batzordeak bilera egin zuen atzo Gasteizen, eta erabaki zuen bertan behera uztea Salburuako kasuaren ostean indarrean jarritako berrogeialdia. Jarraipen Batzordean parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak etaElika Fundazioak (nekazaritzakoelikagaien segurtasunaz arduratzen da).
Jarraipen Batzordeak bi segurtasun eremu ezarri zituen Salburuan kutsatutako hegaztia hilda aurkitu ostean: babes eremua Salburua inguruko hiru kilometroan eta zaintza eremua hamar kilometroan. Uztailaren 27an bertan behera utzi zuten babes eremua; zaintza eremua, berriz, atzo kendu zuten.
Hegazti gripea atzeman, eta babes eta zaintza eremuetan debekatu egin zuten bertako hegaztiak eta arrautzak leku batetik bestera eramatea, hiltzera ez bazen; hegaztien azokak egitea; azoketara hegaztiak eramatea; eremu horietatik hegaztien haragia, deribatuak eta tratatu gabeko zirinak ateratzea; eta basa hegaztiak ehizatzea.
Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak atzo zehaztu zuenez, aztertutako sei hegaztitan hegazti gripea aurkitu dute, baina A motakoa, ez H5 edo H7 motakoak. Izan ere, hegaztiei aurrena PCR proba orokorra egiten diete, ea hegazti griperik duten jakiteko. Gero zehazten dute birus mota.
ERAGINKORTASUNA. Saenz de Samaniegok nabarmendu zuenez, «zorrotz bete dira protokoloetan ezarritako neurri guztiak». Eusko Jaurlaritza 1998an hasi zen hegazti gripeari aurre egiteko neurriak hartzen, Europan lehen kasuak azaldu zirenean. «Neurriak eraginkorrak izan dira eta hobetu egin ditugu, kasu honek eman digun esperientzian oinarrituz», esan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak. Uste du eraginkortasunaren isla dela basa hegazti batean kasu bakan bat atzeman ahal izatea.
Salburuako hezegunean hilda aurkitutako murgil handiaren H5N1 birusaren anduia Txekiar Errepublikan azaldutakoaren berdina da, eta Alemanian, Frantzian, Grezian eta Italian aurkitutakoen antza du.
Hegazti Gripearen EAEko Jarraipen Batzordeak eskertu egin du gizarteak eta komunikabideek izan duten jarrera «produkzio sektorearentzat hain kontuzkoa den gai honetan».
Hurrengo bilera, irailean
Hegazti Gripearen EAEko Jarraipen Batzordeak irailaren 9an egingo du hurrengo bilera. Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak atzo zehaztu zuenez, ordurako eguneratu egingo dituzte jada iragarri dituzten zenbait neurri. Esaterako, arriskutsuak direla uste duten basa hegaztien espezieak bakarrik aztertuko dituzte: anatidoak, itsas hegaztiak eta harrapariak.Horrez gain, laginak jasotzeko orrietan datu gehiago eskatuko dituzte etahegazti gripeari buruzko informazio orri gehiago argitaratuko dituzte. Eusko Jaurlaritzak 23.000 orri banatu zituen iazko udazkenean hegaztien ustiategietan eta ehiztarien, basozainen eta hegaztiei eraztunak jartzen dituztenen artean.
Eusko Jaurlaritzak jarraipen bereziko eremu izendatu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezegune guztiak. Espainiako Gobernuak Arabako Salburua hezegunea eta Zadorra eta Santa Engrazi urtegiak ere sartu ditu hegazti gripearen arrisku eremuetan. Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak hegazti gripearen arrisku eremuak aldatu egin zituen iragan uztailaren 28an, agindu baten bitartez. Arrisku eremu horien artean ez zeuden ez Santa Engraziko ez Zadorrako urtegiak, ez eta Salburuako hezegunea ere. Hala ere, bere erabakia zuzendu du, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskatu ostean.