«Ez gara bitartekari; bake prozesuan laguntzen saiatzea da gure asmoa»

Indarkeriarik ez dagoela egiaztatzeko prozesu egokienaz eta haren gidaritzaz hausnartzen ari da Nazioarteko Harreman TaldeaBosteko taldeak eta Brian Currinek martxoan egingo dute hurrengo bilera

Hazan, O'Loan, Kendall eta Currin, atzo, prentsaurrekoa eman aurretik. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
Bilbo
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
«Ez gaude hemen jendeari zer egin behar duen esateko; hemen gaude, ahal badugu, euskal gizartean elkarrizketa aberasteko». Horrela hasi zuen Nuala O'Loanek atzoko agerraldia, Nazioarteko Harreman Taldearen aurkezpen ofizialean. Amaitu ere antzera amaitu zuen, gogoraraziz beraiek ez direla bitartekariak: «Ez gara bitartekari; bake prozesuan laguntza ematen ahalegintzea da gure egitekoa». Westmisterreko Lorden Ganberako ordezkariak egin zituen talde horren lanak, Brian Currin taldea osatzeaz arduratu den abokatuarekin batera. Han ziren ere bai Genevako Unibertsitateko irakasle Pierre Hazan eta Interpoleko idazkari nagusi ohi Ray Kendall.

O'Loanek azaldu zuen herenegun egin zuten bileran, taldea osatu eta lehenbizikoan, «biktimei buruz, bizirik irten direnei buruz, sufrimenduari buruz eta minari buruz» Euskal Herrian «ikasitako guztia» gogoratu zutela.

Nazioarteko Harreman Taldearen egitekoak zeintzuk izango diren ere zehaztu zuen O'Loanek; hain zuzen ere, Currinek joan den azaroaren 12an jendaurrean azaldutakoak.

«Prest gaude ahal duguna egiteko Sorturen legeztapena sustatzeko, errazteko eta ahalbidetzeko, Alderdi Politikoen Legean bildutakoarekin bat eginez», esan zuen O'Loanek egitekoak zerrendatzen hasi orduko. Konfiantza neurriak sortzera animatzea ere bere egitekoetan sartu du taldeak. Neurri horien artean bi aipatu zituen O'Loanek: «Errealitate politiko berriaren barruan Terrorismoaren Aurkako Legearen funtzionamendua berraztertzea eta tolerantzia politikoan eta parte-hartze demokratikoan oinarrituriko kultura sustatzea»eta «espetxe politika egoera politiko berri eta eraldatura egokitzea; espetxe neurriak normalizatuz, preso dauden pertsonak beren senideengana hurbilduta eta larri gaixo daudenak aske utzita».

Elkarrizketa bultzatu

Harreman taldea prest agertu da, eskatzen badiote, alderdi politikoei laguntzeko elkarrizketa politikorako egutegi bat lantzen laguntzeko, eta baita elkarrizketa eta negoziazio horietan laguntzeko ere. Blokeo egoeretan, eta aldeek eskatuta, bitartekari lanak egiteko ere prest agertu da.

«Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa lortzen laguntzeko prest gaude: gardentasunean eta inklusio politikoan oinarritutako egoera, soilik baliabide demokratikoak erabiliko dituena, inongo indarkeriarik edo edozein jatorritako indarkeriaren mehatxuaren erabilerarik gabe», azaldu zuen O'Loanek.

ETAk indarrean jarritako su-etena aipatu ez bazuen ere, taldeko bozeramaileak azpimarratu zuen erabakigarria dela edozein bake prozesutan «indarkeriarik ez izatea». «Ulertzen dugu —esan zuen— egiaztapen eta ikuskapen prozesu bat beharrezkoa dela», eta horregatik, aurreratu zuen, orain zein prozesu mota izan daitekeen lagungarria eta prozesu hori nork gidatu behar duen aztertzen ari direla.

Informazio jarioa

Brian Currinek, berriz, harreman taldea hurrena martxoan bilduko dela aurreratu zuen. Bilera horretan, atzoko agerraldiko laurez gain, Sylvia Casalek eta Alberto Espektorowskik ere parte hartuko dute. Taldearen lana gardena izatea nahi dute, Currinek azaldu zuenez, eta, horretarako, webgune bat zabaldu dute (icgbasque.org), taldearen agiriak eta erabakiak jakinarazteko eta informazio jarioa ahalbidetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.