Politika

"Ez gara egoera honetatik igarotzen garen lehenak; ea azkenak izaten garen"

Torturaren eta epaiketa politikoen salaketa aldarrikatzeko asmoz, #aztnugal1000kaurpegi ekimenaren bidez argazkiak bidaltzera dei egin diete herritarrei.

Auzipetuen agerradia Iruñean.
joxerra senar
2016ko martxoaren 30a
13:34
Entzun

Ekineko kide izategatik akusatuta, bi aste barru Auzitegi Nazionalean epaiketa egingo da Gorka Mayo, Iker Moreno, Patxi Arratibel eta Gorka Zabalaren aurka. Auzipetuek aldarrikatu dutenez, “independentista eta ezkertiarra izatea ez da legez kanpokoa”.

2010eko urtarrilaren 18an atxilotu zituzten, eta inkomunikazio pean torturak salatu zituzten. Azken asteetan, Aztnugal kanpainaren bidez egoera horren guztiaren berri eman nahi izan dute. Hala ere, orain, epaiketaren atarian, koska bat harago joan nahi dute: “Torturak salatzetik ideien ondorioz Madrilen egiten diren epaiketa politikoak salatzera”.

Horregatik, hainbat ekinaldi prestatu dituzte. Apirilaren 9rako, 11:00etan, Kondestable jauregian hitzaldi bat antolatu dute salbuespenezko lege eta auzitegiei buruz. Iñigo Iruin eta Amaia Izko abokatuek emango dute. “Gure helburua da bertaratzen direnek lehen eskuko informazioa jasotzea epaiketa horien isilpeko kontuez”, azaldu du Mayok.

Era berean, herritarrei dei egin diete [email protected] helbidean edo Twitter bidez argazkiak igortzera, #aztnugal1000kaurpegi traolaren bidez. Eta datozen egunetan bilerak egingo dituzte erakundeekin.

Apirilaren 6an, lan saio bat dute parlamentuan, eta apirilaren 7an, Nafarroako Arartekoarekin. Bilera horietan Roxika Uriarte, Eneko Konpains eta Joxe Aldasoro ere egongo dira. Azken horiek beste epaiketa bat dute maiatzaren 17tik aurrera Auzitegi Nazionalean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.