Espainiako presidentearen inbestidura saioa

Ez gehiengo osorik, ez gehiengo soilik lehen bozketan

Pedro Sanchezek PSOE eta Ciudadanosen 130 aldeko boto jaso ditu, 219 kontra eta abstentzio bat. Euskal agendaren inguruan zehaztasun falta egotzi dio EAJk PSOEko presidentegaiari. "Ez ezazue gure botorik espero gure herri burujabe izaera ukatzen jarraitzeko eta jendea txirotasunera kondenatzen segitzeko", esan dio EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak. Ostiral iluntzean egingo dute bigarren bozketa.

Pedro Sanchez PSOEko presidentegaia, Espainiako Kongresuan. J. J. GUILLEN / EFE
jon olano
2016ko martxoaren 2a
07:15
Entzun

Espainiako Gobernuko presidentea aukeratzeko lehen ahalegina egin dute Kongresuan. PSOEko presidentegai Pedro Sanchezek gehiengo osoa behar zuen lehen bozketan —aldeko 176 boto—, eta kopuru horretatik urrun geratu da. Espero zen legez, 130 ordezkariren babesa jaso du. Ostiralean egingo dute bigarren bozketa 19:45etik aurrera, eta orduan aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izatea nahikoa izango du. Gaurkoan, ordea, hori ere ez du lortu.

Bozketa baino lehen, alderdietako ordezkariek hitza hartu dute. Goizean goizetik hasi dira agerraldiak, eta arratsaldean hartu dute hitza EAJ, EH Bildu eta UPNko ordezkariek. Hirurek eman diote ezezko botoa Sanchezi. "Euskal agendari" buruzko zehaztasun falta egotzi dio EAJko diputatu Aitor Estebanek, eta horregatik, haren inbestiduraren aurkako botoa emango duela jakinarazi du: "Gurekin ez duzue ezertarako konpromisorik hartu. Euskadiren gaiez, ezer ere ez".

Ciudadanosekin eginiko itunean, PSOEk euskal herritarrek eta kataluniarrek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzea kritikatu du Estebanek, eta Sanchezi galdetu dio zein neurri hartuko dituen, besteak beste, baketzean, polizia kopurua murriztean eta Trebiñuren auzian. Apenas erantzun dion Sanchezek, eta akordiorako "eskua luzatu" dio. Autogobernuari dagokionez, Espainiako Konstituzioaren erreforma federala eskaini dio, erantsiz Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak erabakiko duela estatus erreformaren norabidea. "Euskadiren eta herri askoren une onenak EAJ-PSE akordioen eskutik etorri dira. Zergatik ez egin estatuan?", erantzun dio PSOEko presidentegaiak.

EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak nabarmendu du "ukazioa", "inposizioa" eta "austeritatea" atzean utziko dituen garai berri bat zabaltzeko legealdia izan behar dela hasi berri dena, eta EH Bilduren jarduna izango dena hiru ardatzetan laburbildu du: erabakitzeko eskubidea, baketzean salbuespen neurriak kentzea eta eskubide sozialak berreskuratzea. PSOE-Ciudadanos hitzarmenari erreparatuta, PSOEren jarrerari sinesgarritasunik ez izatea leporatu dio Beitialarrangoitiak, eta ohartarazi: "Ez ezazue gure botorik espero gure herri burujabe izera ukatzen jarraitzeko eta jendea txirotasunera kondenatzen segitzeko".

UPNko Iñigo Allik ere ezezko botoa iragarri du, baina adostasunerako atea ireki dio PSOEri, beharrezkotzat joz "ezkerraren eta zentro-eskuinaren" arteko akordioa; hala gertatzen ez bada, Nafarroan gertatzen den gauza bera gertatuko dela ohartarazi du, erantsita Nafarroan "anarkistek, erradikalek eta independentistek" gobernatzen dutela. Espainiako Konstituzioko 4. Xedapen Iragankorra ezabatzeko eskatu du.

Iglesias, Gonzalezen kare biziaz

Goizean, Podemoseko buru Pablo Iglesiasek hitz egin du, eta Martxoaren 3ko biktimak gogora ekartzeko baliatu du agerraldia: "Duela 40 urte hil zituzten, guztion eskubide sozialak defendatzeagatik. Mila esker guretzat eta datozen belaunaldientzat jarraibide izateagatik", esan du Iglesiasek, Gasteizko biktimak gogoan. Izan ere, bihar beteko dira 40 urte Polizia Gasteizko San Frantzisko elizan bildutako langileei oldartu eta bost langile hil zituenetik.

Nolanahi ere, ez dira horiek izan Iglesiasek Euskal Herriari egindako aipamen bakarrak. GALen urterik ilunenak gaitzetsi, eta aholkatu dio Pedro Sanchezi ez ditzala kontuan har "iragana kare biziz zikindua dutenen aholkuak; bai, Felipe Gonzalezez ari naiz".

Sanchezek, berriz, hizpide hartu ditu bezperan Iglesiasek Otegiren irteeraz esandako hitzak, eta gogora ekarri du datorren astean zortzi urte beteko direla ETAk Isaias Carrasco hil zuela: "Zuk preso politikotzat jo dituzun horiek hil zuten; atzo, mindu egin ninduen Otegi preso politikoa zela esateak, Espainian ez baitago preso politikorik".

Iglesiasek Gonzalezen kontra egindako akusazioari ere erantzun dio Sanchezek: "Harro sentitzen naiz Felipe Gonzalezek egindako lanaz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.