«Ez nituela jipoi gehiago onartuko jakinarazi nahi nion, ez min eman»

Tafallan ustez senarra hil zuen andrearen aurkako epaiketa hasi da; emakumeak tratu txarrak salatu ditu

ainara arratibel gascon
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Ez nituela jipoi gehiago onartuko jakinarazi nahi nion, baina ezmin eman. Bera izan zen labanaren gainean erori zena». Iaz, Tafallan (Nafarroa), senarra hiltzea egozten dioten 63 urteko emakumearen hitzak dira. Atzo hasi zen haren aurkako epaiketa. Bertan, ezkondu zirenetik senarrak tratu txar fisiko eta psikologikoak ematen zizkiola adierazi zuen. Gizonak 77 urte zituen, eta 40 urte zeramaten ezkonduta. Halaber, berretsi zuen ez zuela sekula hura hil nahi izan. «Zuen zauria ikusi nionean, bi trapu jarri nizkion odola geratzeko. Gainera, larrialdi zerbitzuetara deitu nuen».

Iazko azaroaren 2an izan zen gertaera, eta emakumeak atzo deklaratu zuen bederatzi pertsonak -zortzi gizon eta emakume bat- osatutako zinpeko epaimahairen aurrean. Emakumeak egindako kontaketaren arabera, egun hartan eztabaida izan zuen alabarekin, eta etxetik joatea erabaki zuen. Itzuli zenean, senarra «oso haserre» zegoen, izozkailuan janaririk ez zegoelako. «Mehatxuka eta irainka hasi zitzaidan, eta esan zidan ez zela harritzen bikotekideak hiltzen zituzten 70 urteko gizonak egotea».

Ondoren, emakumearen araberabetiere, masaileko bat eman, eta mahai baten kontra bota zuen. «Labana nuen eskua hartu zidan orduan, eta kolpe bat eman zidan belaunarekin. Baina halako batean lurrera erori zen, eta labana sartu zuen».

Zergatik ez zuen labana askatugaldetuta, zera adierazi zuen. «Senarra bere onetik aterata zegoen, eta askatu izan banu ni hilko ninduen. Gainera, bularra agerian zuen, beraz, nahi izan banu labana sartzeko modua nuen. Baina ez nuen halakorik nahi. Ahal nuen guztia egin nuen hura salbatzeko, larri zaurituta zegoela ikusi nuenean».

Andreak azaldutakoaren arabera, ezkondu zirenetik ematen zizkion tratu txarrak senarrak. «Gazteagoa nintzenean sekulako jipoiak ematen zizkidan. Azken urteetan, berriz, tratu txarrak psikologikoak ziren. Sekula ez zuen jokabide on bat izan nirekin. Edozeini harrigarria egingo litzaioke nik jasan dudana jasatea».

Dena den, ez zuen «sekula» senarraren aurkako salaketa jartzea pentsatu; ezta harengandik banatzea ere. «Astoak bezala, ohituta nengoen haren jipoietara. Beti saiatu naiz senarrari errua kentzen, eta seme-alabei egoera ezkutatzen».

Zigor eskariak

Fiskalak homizidio delitua egotzidio. «Senarrarekin eztabaidaizan, eta, arrazoirik eta neurririk gabe, senarrari labana sartu zion. Hori homizidio delitua da». Fiskalak larrigarri gisa hartu du biktimaren eta ustezko erasotzailearen artean zegoen bikote harrena; aringarri moduan dauka, aldiz, berehala damutu zela egindakoaz, eta larrialdi zerbitzuei deitu ziela gizona arta zezaten. Hala, 11 urteko kartzela zigorra eskatu du emakumearentzat. Defentsako abokatu Angel Ruiz Erentxunek, berriz, libre uzteko eskatu du. Hark defendatukoaren arabera, emakumeak bere burua babesteko jokatu zuen horrela. Gainera, «tratu txarrak jasan dituen emakumearen sindromea» zuen, eta «beldur handia» zion senarrari. «Homizidio delitu bat egiteko, hiltzeko borondatea izan behar da. Baina kasu honetan, emakumeak ez zuen senarra hiltzeko asmorik izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.