emakumeen aurkako indarkeria

"Ez nuen egin nahi, baina hil egin nuen", aitortu du Laffage auziko akusatuak

Jose Diego Yllanesek berretsi du ez dela Nagore Laffage hil zen gauaz ia gogoratzen. Gaineratu du biktima gau hartan ezagutu zuela eta ez dela haren aurpegiaz ere oroitzen. Epaiketa bigarren eguna izan da gaur.

2009ko azaroaren 3a
18:01
Entzun
Atzo hasi zen Iruñean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko bigarren aretoan Nagore Laffage Irungo (Gipuzkoa) gaztearen hilketaren epaiketa eta gaur, Jose Diego Yllanes ustezko hiltzaileak onartu du neska hil zuela: "ez nuen egin nahi, baina hil egin nuen". Biktimaren gainean jarrita lepoa estututu hil zuela adierazi du Yllanesek. Hala ere, Laffage hil zen gauaz ez dela ia gogoratzen berretsi du, "edanda" zegoelako. 2008ko uztailaren 7an hil zuten Laffage, Iruñean.

Akusatuak adierazi du Laffage gau hartan ezagutu zuela eta ez dela haren aurpegiaz gogoratzen. Gaineratu du ez dela oroitzen harekin kaletik joan izana. Hala ere, gaurko saioan segurtasun kamerek gau hartan grabatutakoa proiektatu dute eta bertan Laffage eta Yllanes kaletik eutsita ageri ziren. Bideoa ikusita, kaletik joan izana onartzen duela adierazi du.

Bere etxean gertatu zenari buruz, berriz, zerbaitetaz gogoratzen dela baina ez dagoela ziur azaldu du. Azpiko arropa hautsi ziola oroitzen du baina ez Laffagek gelditzeko eskatu izana. Epaileak Laffagek gorputzean zituen kolpeei buruz galdetu dio eta Yllanesek nabarmendu du ez dela hura jo izanaz gogoratzen."Guztia oso epe motzean gertatu zenaren sentipena dut".

Horrez gain, gaineratu du bere buruaz beste egiteko asmoa izan zuela uneoro, lehiotik botata, baina ez duela gogoratzen hori Laffageren gorpua etxean zegoenean ala jada lurperatu zuenean izan zen. Orondritzen (Nafarroa) aurkitu zuten gaztearen gorpua.

Atzoko saioan ere han izan zen Yllanes eta behin eta berriz berretsi zuen ez zela Laffage hil zen gauaz gogoratzen. Epaiketak hilaren 9a bitarte iraungo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.