Euskal Herrian Euskaraz taldeak Euskal Herriko herri eta hirien «kaleko paisaia linguistikoa» aldatuko du, «egun euskarak duen egoera azaleratzeko». Igone Lamarain EHEko kideak adierazi duenez, Ezabaketa Astea azaroaren 20tik 27ra egingo dute Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna! lelopean.
Ezabaketa Astea «kaleko paisaia linguistikoa» aldatzeko ekimen gisara sortu zuen EHEk; gaztelaniaz edo frantsesez idatzita dauden kale izendegiak ezabatzeko. Dena dela, iaz, lurralde zatiketak dituen ondorioak azaleratzeko helburua eman zioten ekimenari. Aurten, «eskola euskalduna aldarrikatzeko» aste bihurtuko da, Nestor Esteban EHEko kideak aditzera eman duenez. «Kale, eskola eta bideetan» ekimen ugari egingo dituzte: bazkariak, mural marrazketa, bideo emanaldiak, ezabaketa olinpiadak, bizikleta martxak, esku orrien banaketak, kanpaina informatiboak eta ikastetxeetan lanuzteak egingo dituzte.
Larunbat honetan, ekimen sorta hasteko, Donostian kalejira «koloretsua eta aldarrikatzailea» egingo dute, Bulebarretik hasita eta PSE-EEren egoitzaraino, eguerdian. Bertan, elkarretaratzea egingo dute Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna! lelopean. Larunbatean bertan, Iruñean, 12:30 aldera, UPNren egoitzan jarriko dute jomuga. Ekimenen azken txanpan, azaroaren 26an, Donibane Lohizune eta Ziburu artean bertso-ezabaketa-poteoa egingo dute 18:00etatik aurrera, eta UMPko Michelle Alliot Marieren etxe ondoraino iritsiko dira.
Ezabaketa Asteek ondorio praktikoak izan dituztela diote. Adibidez, Iruñeko hainbat kale gaztelaniaz eta euskaraz jartzea lortu dute, eta Altsasun (Nafarroa) kale izendegia euskaraz jartzea. «Aurrerapausoak badira, baina, tamalez, gaztelania hutsean jartzen dituzte oraindik ere».
Herri euskalduna «zapalduta» dagoela adierazi du Unai Larreategi EHEko kideak. Zapalkuntza egiteko, hizkuntza politiken garrantzia nabarmendu du. Lurralde zatiketaren ondorioz, Euskal Herrian hizkuntza politika ezberdinak daudela gogorarazi du: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan A, B eta D ereduak daude; Nafarroako Euskararen Legea eta TIL eredua ari dira hedatzen; eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean, berriz, Frantziako Gobernuak ez du euskara onartzen.
«Ondorioa beti bera da: ez da euskalduntze prozesua bultzatzen. Eta gobernuek badakite hori», nabarmendu du Lamarainek. Ereduen «porrot nabarmena» salatuko dute asteburu honetan abian jarriko duten ekimen sortarekin.
Ezabaketa Asteak eskola euskalduna aldarrikatuko du
Irakaskuntza izango du ardatz azaroaren 20tik 27ra Euskal Herrian Euskaraz-ek egingo duen ekimen sortak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu