"Ezaguna den egoera baieztatzeko" egin zituzten bilerak, PSEren arabera

2014ko uztailaren 17a
19:22
Entzun

Jose Antonio Pastor PSEko Bizkaiko idazkari nagusiak eman du PSEk Jonathan Powell eta Martin McGuinness bitartekariekin eginiko bileraren xehetasunen berri. Azaldu duenez, PSEk bitartekariei galdegin zien ETAri eta presoei "irmotasuna" eta ezker abertzaleari "ausardia" eska diezaiela.

McGuinness eta Powellen bisita "tramite" bat izan dela eta "aparteko eragin politiko eta mediatikorik" ez duela izan nabarmendu du Pastorrek: "Denontzat ezaguna den egoera bat baieztatzeko" egin dituzte bilerak. Egoera hori "ETAren, presoen eta ezker abertzalearen agendan" dagoela gaineratu du.

ETAk eta ezker abertzaleak "askoz aktiboagoak" izan behar dute bake bidean, Pastorren arabera.

"Berritasunik ez", Geroa Bairen ustez

Bake prozesuan "ez dago berritasunik", Uxue Barkos Nafarroa Bai-ko diputatuak Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean esan duenez. Barkosek aitortu du presoen aldetik mugimenduak izan direla, baina "faltan" botatzen du ETAk "urrats irmorik" ez egitea.

Barkosek azaldu du bera ez zela bildu Powell eta McGuinessekin, baina bai, ordea, Geroa Bai koalizioko ordezkaritza bat.

"Zaila da berritasunik jakinaraztea beste erritmo, denbora eta mugimendu batzuk izan beharko lituzkeen prozesu baten inguruan", adierazi du Barkosek. Haren iritziz, egoera alda daiteke "eragile nagusien jardunaren bidez", eta erantsi du ETAri dagokiola batez ere urratsak egitea. Espainiako Gobernuari ere egotzi dio pausorik ez ematea, eta nabarmendu du egungo espetxe politikak ez duela laguntzen bake prozesuak aurrera egin dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.