«AHTren alde zaude?» galdetu zuten, igandean, Legorretan (Gipuzkoa). Herriko bizilagunen heren batek erantzun dio galderari, eta gehien-gehienek -%87k- ezetz adierazi dute. Legorretako AHT Gelditu! Elkarlana taldeak oso balorazio ona egin du, emaitzak ikusita: «Garaipen txiki bat izan da, tanta bat izan da AHTren aurka altxatuko den itsasoaren barruan».
Herrian erroldatuta dauden 1.168 bizilagunetatik 402 joan dira bozkatzera -%34,4-, eta haietatik 349k bozkatu dute AHTren aurka; 37 baiezko jaso ditu egitasmoak -botoen %9-; boto zuria eman dute 14 herritarrek -botoen %3,5-; eta bi boto baliogabeak izan dira. «Argi ikusi da legorretarrek 'Ez' esan diotela AHTri; ez esan diote azpiegitura antiekologiko, antisozial eta kapitalista honi; ez esan diote administrazio guztien inposaketari», ondorioztatu du Legorretako AHT Gelditu! Elkarlanak.
EAJren «boikota»
EAJ alderdiak Legorretako herri galdeketari «boikot publikoa» egin diola salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak. Plataformako kideen esanetan, herriko buzoietan oharrak banatu ditu EAJk, igandean bozkatzera ez joateko eskatuz. Horrekin batera, Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak informazioa, eztabaida eta hitza ukatu dizkietela gaitzetsi dute AHT Gelditu! Elkarlanako kideek. Hori ikusirik, herenegun «ariketa demokratikoa» egin zutela nabarmendu dute. Eskaera ere egin diete AHTren sustatzaileei: «Geldi dezatela lan hau, entzun diezaiotela herriari, eta ireki dezatela eztabaida prozesua Euskal Herriak behar duen garraio sistema iraunkorra denon artean eraikitzeko». AHTren lanek «sekulako kalteak» eragingo dituztela eta etorkizuna «zeharo» baldintzatuko dutela adierazi du Legorretako AHT Gelditu! Elkarlanak.
AHTren kontrako plataformak 325 sinadura bildu zituen Legorretan, herrian galdeketa egiteko eskatuz, eta galdeketa burutzeko Udalaren babesa jaso dute. Igandean, galdeketa egiteaz aparte, aizkolariak, trontzalariak eta pilotariak ere eraman zituzten Legorretara. Aurrez, hainbat hitzaldi egin ditu plataformak, herritarrei AHTri buruzko informazioa emateko asmoz.
Ezetz esan du Legorretak
AHTri buruzko herri galdeketan, herritarren herenak bozkatu du; haietatik %87k ezetz esan diote egitasmoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu