'Egunkaria auzia'

Ezezagutza argudiatu du sekretua hautsiz Martxelo Otamendiren ordenagailuko agiri baten berri eman zuen kazetariak

'El Mundo' egunkariko Angeles Escriva kazetariak inputatu gisa deklaratu du gaur Bizkaiko Lurralde Auzitegian, 'Egunkaria'-ren inguruko eginbideak sekretupean zirela Martxelo Otamendi zuzendariaren ordenagailuan atzemandako agiri baten berri emateagatik. Eginbideak sekretupean zeudenik ez zekiela argudiatu du Escrivak bere buruaren defentsan. Halaber, esan du, dokumentu hura inoiz ez zuela ikusi, baizik eta norbaitek eman ziola haren edukien berri. Sekretu profesionalari heldu dio informazio iturria babesteko. Agiria inoiz ez zuela ikusi agertu duen arren, artikuluan hitzez hitzeko transkripzioaren ereduan eman zituen zenbait pasarte.

2004ko martxoaren 9a
19:09
Entzun
Martxelo Otamendik aurkeztu zuen Escrivaren aurkako kereila etaIñigo Iruin da haren abokatua auzi honetan. Hain zuzen erez, eginbidean sekretupean zeudenik ez zekiela esan duenean, 'Egunkaria' kasua hurbiletik jarraitu duenetz galdetu dio Iruinek 'El Mundo'-ko kazetariari, eta haren erantzuna baiezkoa izan da; hots, kazeta haren itxieraren ingurukoak berak segitu dituela.

Auziarekin aurrera segitzeko hiru diligentzia egin ditzala eskatuko dio Iruin abokatuak kereila aztertzen ari den epaileari: batetik, Mertxe Aizpurua eta Martxelo Otamendi dei ditzala Ibarretxerekin bilera hura egin zutela berrets dezaten; bestetik, Ibarretxe lehendakariari ere eska diezaiola berak ere berresteko bilera izan zela, eta, azkenik, Espainiako Auzitegi Nazionalari dokumentu hori eska diezaiola hitzez hitzeko transkripzio ereduan ageri diren pasarteak idatziarekin bat datozen ikusteko.

Escrivak sinatutako artikuluan, Otamendi Egunkaria-ko zuzendariak eta Mertxe Aizpurua Gara-koak Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariarekin izandako bilera baten xehetasunak eman zituen El Mundo-k, Guardia Zibilak otsailaren 20an Otamendiren bulegotik eramandako ordenagailuan atzemandako idatzi batean oinarrituta. Testu horretan, Ibarretxerekin bilkuran hitz egindakoaren laburpena egin zuen Otamendik.

El Mundo-k 2003ko urriaren 21ean argitaratu zuen albistea, hain zuzen ere Juan del Olmo epaileak sekretua altxatzea erabaki baino hiru egun lehenago.Escrivaren aurka ez ezik, agiria filtratzearen erantzule izan daitezkeenen aurka ere jarri du Otamendik kereila, eta agiriaren «ezagutza, iristea, erabili ahalmena edota zaintza betebeharra» zeintzuk zuten zehaztu zion epaileari, kereila aurkezteko idatzian: Auzitegi Nazionaleko 6. instrukzio epaitegiko epailea, epaitegi bereko idazkaria, fiskala, eta Egunkaria-ren auzia ikertzen ari diren guardia zibilak.Guztiei «sekretupeko sumarioaren ezagutze ematea» delitua leporatu die, Zigor Kodeko 417. artikuluaren arabera filtratzaileen kasuan, eta 418. artikuluaren arabera sekretuaz baliatu den kazetariaren kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.