Espainiako Gobernuak entzungor egin dio NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak alde guztiei egindako eskariari. Jarrerak malgutzea eta harremanak hastea galdegin zuen NEBk herenegun, Bilbon, Euskal Herriko alderdi politiko eta eragileekin egindako bi eguneko bilera errondaren amaieran. Espainiako Gobernua, aldiz, Barne ministroa buru dela, ezezkoan arrokatu da. NEBko kide eta egiaztatzaileen bozeramaile gisa diharduen Ram Manikkalingamek aipatutako bertutea erabili beharko da Espainiako Gobernuak urratsa egiten ez duen bitartean: pazientzia.
NEBren lana gutxiesteko herenegun Espainiako Gobernuak eta Barne Ministerioak esandakoek NEBk zabaldutako mezuaren aurretik idatzitako gidoiak ziruditen. Atzo, Barne ministro Jorge Fernandez Diazek bazekien NEBk esan zuela ETAk gobernuekin hitz egin nahi duela presoez, desarmatzeaz, egitura militarrak desegiteaz eta Euskal Herria desmilitarizatzeaz. Herenegun bezala erantzun zuen, ordea; ezezkoa ahoan: «Ez dugu desarmatzea negoziatuko terroristekin».
Eta hor egon liteke EspainiakoGobernuaren hutsa, NEBk ez baitu aipatu negoziatzerik, hitz egitea baizik; izan ere, negoziaziorik ez badago ere, beste aldearekin hitz egin beharko du talde armatu bat desarmatuko bada eta egiturak desegingo baditu, bi gauzak modu ordenatuan eta zentzuzkoan egiteko.
Espainiako Barne Ministerioak atzo bertan esan zuen ETAk arma eta lehergailu ugari dituela oraindik, eta Frantziako eta Espainiako poliziek «kontrolatuta» zeukaten ETAren ustezko «armategi handi batera» joan zirela duela gutxi, baina ordurako ETAk armak «kendu» zituela handik. Barne estatu idazkari Ignacio Ulloak esan zion hori berri agentzia bati. Gehiago ere esan zuen: ETAko «hamar edo hamabi» kide «operatibo» daudela eta «hamabostean behin» autoz aldatzen dutela: «Badakigu logistika mugimendu garrantzitsu bat dagoela, hainbat kidek atentatuak egiteko gaitasun nabarmena dutela eta mugimendu handia dabilela», esan zuen. «Ez dira une batez ere denbora galtzen ibili, eta armak eta lehergailuak dituzte atentatuak egiteko». Jendea oraindik «ETAn sartzen» ari dela ere esan zuen.
Batetik, ETA «garaituta» dagoela esaten ari da Madril; bestetik, ETAren jardun armatua behin betiko amaitu den ustea erakusten du, adibidez, ehunka laguni orain arte zeukaten bizkartzainen babesa kenduta; eta, azkenik, esaten ari da ETAk gaitasun operatiboa, armak eta taldean sartzeko prest dagoen jendea dauzkala eta, nahiz eta zelatatzen dituzten, huts egiten ari direla armak atzemateko orduan; hain zuzen ere, ETAk desarmatzeaz eta egiturak desegiteaz eskaintza egin eta Espainiako Gobernuak ezezkoa eman duenean.
Manikkalingami hala galdetu zioten herenegun: ea ohikoa den gobernu bat talde armatu batekin harremanetan ez hastea, talde horrek hemezortzi hilabete daramatzanean su-eten egiaztagarri batekin eta sei hilabete igaro direnean esan zuenetik jardun armatua behin betiko utzi duela; eta Manikkalingamen erantzuna motza eta zehatza izan zen: «Uste dut garaia iritsi dela harremanetan jar daitezen».
Ezezkoan arrokatuta
Espainiako Barne ministroak esan du ez duela ETArekin «negoziatuko» haren desarmatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu