Josep Maria Tost. Kataluniako Hondakinen Agentziako zuzendaria

«Ezin da hondakinak biltzeko sistema bat kriminalizatu borroka politiko batengatik»

Atez atekoa da hondakinak biltzeko sistemarik eraginkorrena, Kataluniako Hondakinen Agentziako buru Josep Maria Tosten ustez.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Harro dago Josep Maria Tost (Ruydecanies, 1971) Kataluniako Hondakinen Agentziako zuzendaria orain dela hamabi urte abianjarri zituzten hondakinak kudeatzeko politikekin; %20 birziklatzen zuten lehen, eta %40 birziklatzen dute orain. Gakoa: atez atekoa. Tost Euskal Herriko Unibertsitateko Udako ikastaroetan izan da. Egoki ikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hondakinen Plana. «Asmo handikoa da, baina egingarria da».

Zuk esana da atez atekoa kolore politikorik gabeko sistema bat dela. Gipuzkoan, ordea, gatazka politikoaren erdigunean dago. Nola ikusten duzue hori Katalunian?

Gertatzen ari dena ez dut gustuko, eta kezkagarria iruditzen zait. Ezin da kriminalizatu hondakinak biltzeko sistema bat borroka politiko batengatik. Baina espero dut pixkanaka giroa lasaituz joango dela. Izan ere, jendeak argi izan behar du birziklatzearen gaian ez dagoela atzera bueltarik. Egunero hortzak garbitzen ditugun moduan, birziklatu egin behar dugu. Herritar eta kontsumitzaile moduan dugun betebehar bat da. Frogatua dago birziklatze emaitzarik onenak atez atekoak ematen dituela.

Katalunian nola izan zen atez atekoa ezartzeko prozesua?

Kataluniako Gobernuaren ekimenez egin zen, 1990eko hamarkadaren amaieran. Hala, munduan zabor organikoaren gaikako bilketan erreferente ziren herrialdeak bisitatu zituzten: Italiako hainbat eskualde, Herbehereak, Austria, Alemania... Ondoren, eredua Kataluniako errealitatera moldatu genuen. Herri bakoitzaren errealitatera egokitu daitekeen sistema bat da atez atekoa. Hori da duen abantailarik handienetakoa: 25 biztanleko herri batean eta hiri handi batean jar daiteke. 2000. urtean ezarri zen azkenean Katalunian, eta pixkanaka herri askok egin dute horren alde. Emaitzak agerikoak dira: %20 birziklatzen genuen, eta orain, %40tik gora.

Aurka daudenek diote, ordea, hiri handietan ezin dela jarri, eta garestia, zikina eta deserosoa dela. Zer esango zenieke?

Astakeria hutsak dira. Hiri handietan arazorik gabe jarri dute. Milanera, Turinera edo Bruselara joan besterik ez dago hori ikusteko. Gainera, kontua ez da garestia edo merkea izatea, baizik eta bilketa egoki egitea. Zikina ez da. Agian, jendeari ez zaio gustatuko etxeko atarian zabor poltsak zintzilik izatea. Baina ez al dira hori bezain zikinak edukiontzi batzuk poltsaz inguratuta? Borondate politikoarekin eta herritarren kontzientziazioarekin primeran funtzionatzen duen sistema bat da atez atekoa. Jendeak argi izan behar du hondakinak arazo bat direla, eta zentzuz eta ondo tratatu behar ditugula. Hala egiten badugu, lortuko dugu hondakinak aukera bat izatea: lanpostuak sortzeko, lehengaiak lortzeko... Horretarako bidea berrerabiltzea eta birziklatzea dira.

Zein iritzi duzu bosgarren edukiontziaz?

Hondakinen kudeaketa egoki bategiteko gakoa da materia organikoa gaika biltzea. Izan ere, zabor organikoak gainerako frakzioak kaltetzen ditu. Katalunian hainbat udalerrik egin dute bosgarren edukiontziaren alde. Baina sistema horrek muga bat du. Primeran eginda ere, %40 birzikla daiteke gehienez. Atez atekoarekin, %80 izatea lortu da. Arrazoia: herritarren parte hartzea handiagoa da.

Ezagutzen al duzu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hondakinen KudeaketarakoPlana ? Zer iruditzen zaizu?

Gobernu baten plana dela kontutan hartuta, errespetu osoa merezi du. Legitimitate osoa du horretarako. Hortik harago, asmo handiko plan bat iruditzen zait; baina egingarria dela uste dut. Ondo hausnartutako plan bat da, eta hondakinen kudeaketan bustitzen da. Aldundiak nahiago izan du politika aktiboen bidez gaiari heldu, orain arteko inertziekin jarraitu beharrean. Agintean egotea hori da, arazoei heltzea. Ez nuke ahaztu nahi: udalek zero zabor politiken alde hartu duten bideari erantzuten dio planak. Hori ere oso garrantzitsua da. Izan ere, zaborren bilketaren ardura udalena izanik, zeresan handia dute hondakinen arazoa konpontzeko orduan. Administrazio eta herritar guztien parte hartzea behar da.

Egoera ikusita, beharrezkoa ikusten duzu Zubietako errauste planta eraikitzea?

Azpiegituren beharra gobernuek ezartzen dituzten politiken arabera dago. Baina plana sendoa bada, eta dituen helburuak betetzen badira, ziurrenik ez da beharko. Beharrezkoa bada, gainera, dezente txikiagoa izango da. Izan ere, ez da ahaztu behar errentagarria izateko errauste plantak zaborra behar duela. Zenbakiek agintzen dute. Kataluniako adibidea jarriko dut. 1990etik, Bartzelonan beste errauste planta bat eraikitzeko eztabaida dago. Hasieran, 500.000 tona zaborrerako egitea aurreikusten zen. Duela hiru urte, 350.000 tonarako egitea proposatu zen. Bultzatzen ari garen politikekin, ziurrenik, planta hori ez da beharko.

Nola ikusten duzu Portland hondakinak erretzen hastea fabrika horrek Olatzagutian duen plantan ?

Ez dut gaizki ikusten. Egingarria eta posible dela iruditzen zait. Zaborra bideratzeko beste modu bat da, zabortegiak itxiz eta errauste planten beharrik gabe.Katalunian, hondakinak erretzeko baimena duten sei zementu fabrika daude. Gainera, kontuan hartu behar dazaborra ez dela zuzenean erretzen; hondakinetatik eratorritako erregaiak erretzen dira. Gainera, fabrikek azterketa zorrotzak gainditu behar dituzte. Iaz, Katalunian, 120.000 tona zabor erre zituzten zementu fabrikek.

Zein da gakoa hondakinen kudeaketa egoki bat egiteko?

Gakoa prebentzioan eta kontzientziazioan dagoela uste dut. Horri lotuta, funtsezkoa da arduraz erostea eta kontsumitzea. Hori eginda, nabarmen gutxituko da hondakinen produkzioa, eta kudeaketa askoz errazagoa izango da. Horrek lana, parte hartzea eta denbora eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.