Joxe Arregi. Teologoa

«Ezin dut Jesus eroso imajinatu gazte kristauen biltzarrean»

Urtea beteko da aurki fraidetza uztea erabaki zuenetik, Eliza katolikoaren hierarkiarekin uztartu ezinik. Talaia horretatik, Vatikanoko II. Kontzilioaz aritu da EHUren udako ikastaroetan.

GARI GARAIALDEI / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Joxe Arregik (Azpeitia, 1952) fraide frantziskotarra izateari utzi bazion ere, fede kristauari estuki atxikita jarraitzen du, gogoetaren bidetik. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan irakasle jardun zuen lehengo astean; Vatikanoko II. Kontzilioari buruz mintzatu zen, 1960ko hamarkadan Eliza katolikoa biziberritzeko asmoz hasi zen prozesua zertan den azaltzeko. Joera haren hats berritzailea ahul ikusten du Eliza ofizialean.

Eliza katolikoak sendo dagoela erakutsi nahi du Madrilen. Urtea beteko da aurki fraidetza uztea erabaki zenuenetik. Zure talaiatik nola ikusten dituzu era horretako erakustaldiak?

Horixe iruditzen zait: erakustaldia, alardea. Noski, munduko kristau gazteak elkarrekin biltzea, elkarrekin gozatzea, Jesusen berri on eraldatzailea gaurko Elizan eta gizartean suspertzeko bideak elkarrekin bilatzea... zilegi ez ezik, beharrezkoa ere izan daiteke. Baina Madrilgo bilkura erraldoi horren antolatzaileei entzunda, autoafirmazio bat dela iruditzen zait batik bat. «Hemen gaude gu», esan nahi dute. «Begira zenbat garen! Begira zein indartsu garen!». Erakustaldiak eta alardeak ez dira seinale onak izan ohi. Iruditzen zait bilkura erraldoi horretan gaurko Eliza katolikoaren konplexuak eta egonezinak geldituko direla agerian beste ezer baino gehiago.

Eliza horretan zenbateraino ikusten duzu bizirik Vatikanoko II. Kontzilioa?

Vatikanoko II. Kontzilioak 1962tik 1965era Elizaren berrikuntza sakon bat abiatu zuen. Eta tokian tokiko eta garaian garaiko kulturan txertaturiko Eliza amestu zuen. Baina 1979az gero, Joan Paulo II.arekin eta Benedikto XVI.arekin, bistan da Eliza ofiziala atzera begira jarri dela berriro. Kontzilioaren hasieran, Joan XXIII.a aita santuak «kalamitateen profetak» salatu zituen, hau da, orduko munduan dena gaizki ikusten zutenak. Beldur naiz, Benedikto XVI.a aita santua ere ez ote den «kalamitateen profeta» modura etorriko. Gaurko injustizia ekonomiko ikaragarriak, finantza sistema, espekulatzaile handiak ahopean aipatuko ditu, aipatuz gero, eta sinesgabetasuna, egiaren erlatibismoa, pluralismo erlijiosoa, abortua, eutanasia, famili ereduaren aldaketak eta horrelakoak salatuko ditu. Lastima da. Hainbat kontsolamendu, hainbat mezu askatzaile, hainbat amets eder, hainbat arnasa eta adore dauka Jesusen Ebanjelioak gaurko gizarteari eskaintzeko!

Zer ahalmen ikusten diozu, oraindik ere, kontzilio horri?

Kontzilioan ongi bereizi behar dira esaten duena eta iradokitzen duena. Testuek gotzain progresista eta kontserbadoreen arteko nolabaiteko oreka eta erdibidea eskaini zuten. Baina eliz eredu berri baten ametsa dute azpian: ez-klerikala, deszentralizatua, pobrea eta pobreen laguna, egiaren jabe izateari uko egiten diona, bila dabiltzan guztien kidea, bidaide guztien bidelaguna... Jakina, hori guztia iradoki besterik ez zuen egin, eta testuetan muga eta kontraesan ugari dago. Emakumearen arazoa, ezta ukitu ere. Baina orduan ezin zen gehiago. Gaur amets eta iradokizun horiek bultzatu beharko lirateke, testuez harago.

Eliza bera kontzilio horretan zenbateraino ari da atzera egiten?

Aita santuak eta gotzainek kontzilioko idazkiak erruz aipatzen dituzte, baina ez kontzilioak erakutsi zuen aurrerabideari jarraitzeko, garai hartako eliz egituretara itzultzeko baizik. Zentzugabea da, 50 urte igaro ondoren, oraindik orduko hitz eta moldeei bere horretan atxikitzea. Adibideak bistan dira: gaurko kulturekiko juzgu gogorra, doktrinaren eta dogmen absolutizazioa, familia tradizionalaren eta moral sexualaren obsesioa, eskuineko alderdi politikoekin duten itun estua, apaiz gazte guztien traje beltza eta lepoko txuria, teologoen debekuak, beste eliza eta erlijioen arbuioa... Jesusek aurrera egin zuen, zegoenarekin hautsiz. San Paulok ere bai. San Frantziskok, berdin. Joan XXIII.ak ere sekulako aurrerapausoa eman zuen. Gaur ere aurrera egin beharko genuke. Aurrera ez egitea atzera egitea da.

Gazte asko ildo atzerakoienetan daude. Zer gogoeta eragiten dizu?

Badirudi mugimendu eskuindarretako eta ultraeskuindarretako gazteentzat bakarrik dagoela lekua eliz erakundean, seminarioetan... Madrilen ez da besterik ikusiko. Elizarik kontserbadoreeneko gazterik kontserbadoreenak. Zein urrun dagoen Jesusen mugimendu espiritual eta politiko iraultzaile, ireki, bakezale hartatik.

Kristautasunak egungo kulturaren muinarekin bat egin behar duela diozu. Baina izango du bereizgarri izango duen muin sakoneko bat, ezta?

Ebanjelioaren muina oso argi dago Jesusen parabola eta ekintza bakoitzean: erruki askatzailea, behartsuekiko solidaritate gupidatsua. Zoriontsu egiten gaituen errukia. Errukitsu egiten gaituen zoriona. Hor oinarritu zuen Jesusek bere iraultza politiko eta erlijiosoa, mundu berri baten ametsa.

Azaldu duzu hitzaldian Nazareteko Jesus, M-15eko gazteen ondoan lehenago ibiliko litzatekeela, Benedikto XVI.arekin elkartuko direnekin baino... Hain urrun ikusten dituzu?

Jesus profeta ameslari eta iraultzailea izan zen, bakezale bezain iraultzailea, gozo bezain sumindua. Ezin dut Jesus eroso imajinatu munduko gazte kristauen biltzarrean, hipoteka ordaindu ezin dutenak etxetik bortizki botatzen dituzten bankuen laguntzaz antolatu den biltzar horretan, hainbeste gotzain eta hainbeste milaka apaizen artean, denak beltzez, erlijioso guztiak abituz... Aise imajinatzen dut, ordea, gazte suminduekin, fededun izan edo ez, justiziazko eta bakezko mundu berri bat elkarrekin asmatzen eta antolatzen.

Zertan ari da orain Joxe Arregi? Zer harreman du Gipuzkoako Elizbarrutiarekin? Zer harreman frantziskotarrekin?

Teologiaren irakaskuntza utzi nuen, baina irakaskuntzan jarraitzen dut Deustuko Unibertsitatean. Eta Gipuzkoako eta beste elizbarrutietako kristau askorekin lankidetza estuan ari naiz, eta hala jarraitu nahi nuke. Eta frantziskotarrekin lehen bezalaxe, edo hobeto. Nik egiten edo esaten dudanak neure burua besterik ez du konprometitzen, eta denok askoz erosoago gaude horrela. Lehen bezain hurbil, eta libreago, gainera. Pozik bizi naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.