Ezinbesteko gardentasuna (eguneko laburpena)

Gaurko dautuen arabera, beste 42 positibo atzeman dituzte PCR test bidez. Hildako kopurua aspaldiko txikiena izan da: guztira, hiru pertsona hil dira Euskal Herrian azken orduetan.

Intxaurrondoko geltokiaren sarbidea. GORKA RUBIO
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 15a
19:09
Entzun

Gardentasuna administrazio ororen helburu izan behar du benetako gobernantza demokratiko batean, eta horrek datuak herritarron esku jartzea ekarri behar du, open dataren filosofiarekin. COVID-19aren kasuan, herritarrek eskertu dute egunero izurriaren datuen berri izatea. Herritarrak eta erakundeen arteko konfiantza elikatzeko ezinbestekoa da datuen gardentasuna. Gainera, izurriaren bilakaeraren inguruan zalantzak edo hauteskunde deialdiaren inguruan desadostasunak daudenean are beharrezkoagoa da garbitasunez  jokatu eta ahalik eta datu gehien eskaintzea. Azken bi egunotan, ordea, Eusko Jaurlaritzaren datuen kudeaketa gorabeheratsuak –atzerapenak, dokumentu aldaketak, berandu azaldutako irizpide aldaketak...– nolabaiteko mesfidantza sortu du oso une kritiko batean. Gaur arratsaldean txosten berrituak banatu ditu Jaurlaritzak, egoera berbideratzeko asmoz. Ea ez dagoen atzerapausorik. Nafarroako Gobernua ere ez dago kritikatik libre, fase aldaketarako txostena ez baitu publiko egin.

Datuak. Une honetan, kezka eragiten ari den datua PCR proba bidezko positiboen kopurua da. Gaurko dautuen arabera, beste 42 positibo atzeman dituzte PCR test bidez: Araban, 9; Bizkaian, 17; Gipuzkoan, 2; eta Nafarroan, 11. EAEren kasuan, beste 3 kasu gehiago daude, beste erkidego batzuei dagozkienak. Kopuru hauek aurreko egunetakoen antzekoak dira. Baina oinarrizko birsorkuntza tasa igo da: EAEn 0,90koa da (atzo, 0,85koa). Jaurlaritzak ez du eskaintzen datu hau lurraldez lurralde, eta Nafarroak ez du aipatzen eguneroko txostenean. Nafarroaren kasuan, intzidentzia tasa metatuak altu jarraitzen du (40,97), Estatuko bataz bestearekin alderatuta (22,77).

Hildako kopurua aspaldiko txikiena izan da: guztira, hiru pertsona hil dira azken orduetan, bat Bizkaian eta bi Nafarroan. Dena den, aipatu behar da Jaurlaritzaren eguneroko buletinean  hildako bakarra aipatzen dela, baina horrekin batera banatutako Datu asistentzialen txostenean bi hildako ageri dira, biak Bizkaian. Ospitalen egoerak hobetzen jarraitzen du. Gero eta pertsona gutxiago dago ospitaleratuta, baina ospitaleratze berriak daude. Atzo, bi EAEn (Osasun Ministerioaren txostenaren arabera, 15). Nafarroan ez da egon ospitaleratze berririk azken 24 orduetan. 

Mugikortasuna. Lehen fasearen kudeaketari dagokionez, berritasun garrantzitsua jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak euren probintzian zehar mugitu ahalko dira. Lehen fasea pasa den astelehenean abiatu zen, baina mugikortasuna udalerrira mugatuta. Datorren astelehenean muga hori kenduko du.

Hiriburuetako jaiak. Bilbo, Donostia eta Gasteizeko jaiak bertan behera uzti dituzte. Sanferminak apirilean utzi zituen bertan behera Iruñeko Udalak. Baionako jaien inguruan ez dago oraindik erabiki ofizialik. 

 

AGIAN HONEK ERE MEREZI DU

Udalekurik ez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek erabaki dute aurten ez dagoela baldintzarik udalekuak egiteko, COVID-19 gaitzetik babesteko protokoloak betetzeko ezintasunagatik. Eudel ere ados dago udalekurik ez egiteko. Horren gain, Eudeleko zuzendaritzak oinarrizko aholku batzuk onartu ditu kultur jarduerei begira.

Euskararen kaltetan. Osasun larrialdiaren azpian, euskara indarberritzeko premiak erekundeen eremuan lekua nabarmen galdu duela ohartarazi du Gari Goikoetxea kazetariak Euskararen urgentzia artikuluan. Erakunde publikoetatik haragokoa da joera. Unearen "urgentziak" euskararen kaltetan izaten ari dira.  

Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.