Erabakitzeko eskubidea

"Ezinbesteko pausoa, Euskal Herriak erabakitzeko"

2018ko azaroaren 19a
12:26
Entzun

Donostian aise gainditu dute %10eko langa: 21.015 lagun joan dira botoa ematera (%13,10). Hiriburu batean egindako lehen galdeketa izan da. Irunen, berriz, 4.890 lagun bildu dira bozkalekuetara (%9,15).

Enkarterrietan, handiagoa izan da batez besteko parte hartzea. Zallan, 1.228 boto jaso dituzte (%16,99), Balmasedan 1.081 (%16,39), eta Alonsotegin 470 (%18,85).

Galdeketa batetik bestera, desberdina izan da herritarrei egin zaien galdera; galdeketa antolatzeko prozesuan, tokian tokiko herritarren artean adostu baitute galdera bera. Donostian, "etorkizun politikoa" beren kabuz eta "aske" erabaki nahi duten galdetu diete; Irunen, "herriarentzat nolako etorkizun politikoa" nahi duten; Alonsotegin, "euskal estatu independente bateko herritar" izan nahi al duten, eta, Zallan eta Balmasedan, "euskal herritarrak beren etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabakitzeko burujabe izatea" nahi al duten. Ondorengoak izan dira emaitzak:

AZ18 Emaitzak

Emakumeak izan dira bozkatzen aurrenekoak, bai Donostian eta bai galdeketa egiten ari diren gainerako herrietan zein hirietan. Donostiako Egia auzoan, esaterako, 94 urteko andre batek eman du lehenengo botoa.

Donostian, hainbat zinegotzi eta kargu publiko ere joan dira botoa ematera. Tartean, Eneko Goia alkatea eta Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria. EH Bilduko kideak ere agertu dira botoa ematera; Donostian, besteak beste, Reyes Carrere alkategaiak eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak hartu dute parte.

[youtube]https://youtu.be/W-dN5zzXzeo[/youtube]

Gure Esku Dago-ren esanetan, "ezinbesteko pausoa" izan da laster "Euskal Herriak erabakitzeko". Izan ere, Angel Oiarbidek gogorarazi duenez, erreferendum lotesle baten bidez erabakitzea da Gure Esku Dago mugimenduaren helburua, eta, horretarako, mugarritzat jo dituzte galdeketak. Batetik, "ahalduntzea eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida gizarteratzea" lortzen dutelako: "Dinamika honek zerbait baldin badu, anbizioa da. Alde horretatik, parte hartzearen logikan, zaila da gu asetzea, geure helburua gizartearen %100 delako, baina jakitun gara juridikoki lotesleak ez diren galdeketa hauetan ezinezkoa dela hori, lotesle direnetan ere gertatzen ez delako".

Gainera, garrantzitsu deritzote eskubide hori gauzatzeko "tresnak, jakinduria eta gaitasuna" lortzeari, eta horrekin lotu dute orain arteko dinamikan erdietsitakoa. "Gizartea saretzea lortu dugu, herritarrak aktibatzea eta ahalduntzea", azaldu du Gure Esku Dago-ren bozeramaileak Dokan egindako amaiera ekitaldian: "Irudikatuta daukagu loteslea izango den erreferendum batean bozkatuko dugun eguna. Eta dudarik ez daukagu: orduan izango den parte hartzea historikoa izango da".

Eguerdiko parte hartzearen datuak emateko ekitaldian ere bide hori nabarmendu dute: galdeketek erabakitzeko eskubidea "aldarrikatzetik gauzatzera" igarotzea ahalbidetu dutela. "Zenbat eta gehiago ahaldundu, orduan eta determinazio handiagorekin ari gara lan egiten eta eraikitzen gaurko eta biharko euskal herritarrak harro egoteko moduko etorkizuna".

 

Galdeketen balioa ezin dela "zenbakietan neurtu" adierazi du Oiarbidek, baina, era berean, azpimarratu du dagoeneko Euskal Herriko biztanleen herenak izan dutela aukera ariketa hori egiteko. Orain arte, gaurkoak sartuta, 209 udalerritan antolatu dituzte galdeketak; hau da, 1.061.058 herritarrek izan dute aukera botoa emateko. Gaurkoak zenbatu gabe, 189.544 lagunek hartu dute parte (%22,8). Azken emaitzen zain, gaur eguerdiko datuak erantsiz gero, 200.000 lagunen langa gainditua legoke.

Nazioarteko begiraleak ere izan dira gaurko galdeketetan. Tartean, katalanak. Asteon Kursaalean emandako hitzaldiaren ondoren, gaur ere adierazi die babesa galdeketei Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak: "Babes osoa gaur Euskal Herrian etorkizuna erabakitzeko egiten ari diren galdeketei. Katalunia eta Euskadi, askatasunaren bidean elkarrekin".

Herri galdeketak 2014-2018

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.