Gobela ibaiak kalte egindakoen elkarteko lehendakariordea da Marta Uriarte (Getxo, 1967), eta badaki zer den elkarte baten barruan herritarren kezkei eta arazoei irtenbide bat emateko lan egitea. Erizaina da lanbidez, eta hipotekak kalte egindakoen plataformaren bozeramailea da.
Hipotekak kalte egindakoen plataformak denbora gutxi darama lanean Euskal Herrian. Nola sortu da, eta zerekin egin du topo?
Herrialde Katalanetan desjabetzeen harira mugimendu sendoa zegoela jakinda, hemen ere hasi ginen lanean zenbait lagun,M-15en inguruan sortu den mugimendua baliatuta. Eta honetan lan egiten hasita, era askotako egoerak ezagutu ditugu. Etxea galtzeko arriskuan daudenen artean asko etorkinak dira. Erraz eman zizkieten kredituak, baina langabezian gelditu dira, asko ziurgabetasun egoeran, eta ezin diete aurre egin hipotekei. Baina ez pentsa bazterkerian dagoen jendea denik. Gehienak urteetan lanean aritu diren pertsonak dira, askotan enpresa handietan. Langabezian gelditu dira, urte pare batean aurrera egin dute langabezia sariarekin, baina orain ez dute inolako laguntzarik jasotzen. Eta ezin diote aurre egin bankuarekin duten zorrari.
Plazaratutako datuen arabera, ehunka prozesu abiatu dira aurten ere; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, hipoteka ordaindu ezin duten 312 lagunek jaso zutenabisua urtarriletik martxora. Hala ere, oso gutxiren berri izaten da komunikabideen bidez. Zer dela-eta gertatzen da hori?
Oso zaila da kasuak ezagutzera ematea. Jendeak beldurra du. Desjabetze arriskuan dauden pertsona askok ez dute halako egoerarik bizi behar izan orain arte. Bat-batean egoera larri baten aurrean daude, eta lotsa ematen die. Eta akatsa da hori. Norberaren arazoaren berri ez badugu ematen, edo berandu ematen badugu, zaila izango da horren aurka borrokatzea. Eta denon borroka izan behar du. Gu geu hiri eta herrietako batzorde eta elkarteekin ari gara lanean, egoera horretan dagoen jendea etor dadin gugana.
Desjabetze kasuak gero eta gehiago izango dira aurrerantzean ere?
Bai. Eta era askotakoak izango dira. Aste honetan bertan izan dut irailaren 30ean Santurtzin egingo den desjabetze baten berri. Pertsona etorkina da, 2007an etxebizitza bat erosi zuena. Langabezian geratu da, eta etxea kenduko diote. Hiru haur txiki ditu, eta bizitza osorako zorpetuta geldituko da. Halakoak hamaika dira kasuak.
Halakoen aurrean nola egiten du lan plataformak?
Guk desjabetze kasu baten berri izaten dugunean, kaltetutako pertsonaren egoerari buruzko informazioa jasotzen dugu lehendabizi. Kasuaren ebaluazioa egiten dugu, oinarrizko laguntza juridikoa ematen diogu, eta desjabetzea izanez gero, saiatzen gara bankuarekin edo kutxarekin irtenbide bat ematen. Pertsona hori kalean geldi ez dadin.
Plataformak herri ekimen bat abiatu du legea aldatu eta etxebizitza itzultzearekin zorra kitatu ahal izateko. Nola dago egun ekimena?
Guretzat oso garrantzitsua da ekimen hori. Eta ezinbestekoa da etxebizitza itzultzearekin zorra kitatzea. Europan eta AEBetan egiten den bezala. Nahikoa drama da etxebizitza itzuli behar izatea. Gaur egungo legediarekin, etxea bueltatu arren, bizitza osorako zorra gelditzen zaigu. Hori aldatu nahi dugu. 500.000 sinadura lortu behar ditugu ekimena Espainiako Kongresura eramateko eta legea aldatzeko. Hauteskundeak ere hor ditugu, eta ikusi beharko dugu zeinek heltzen dion gaiari.
Nola ari dira jokatzen banketxeak eta kutxak gai honetan?
Banketxeen presioa izugarria da ezer ez aldatzeko. Kutxek funtzio sozial bat izan dezakete, baina, azken batean, ez dira gobernuz kanpoko erakundeak, baizik eta finantza erakundeak. Eta ikusten ari gara azken urteetan egindakoek zer-nolako ondorioak izan dituzten. Hemen, adibidez, urteetan oso erraz eman dira hipoteka kredituak. Mila euroko soldata batekin eman izan dituzte kreditu handiak, ezer begiratu gabe, eta orain egoera honetan gaude. Eta kaltetua herritarra da.
Espainiako Ekonomia ministro Elena Salgadok eta banketxeetako buruek esan dute etxebizitza itzultzearekin zorra kitatzeak finantza sistema desegingo lukeela. Zer diozue?
Ez da egia. Hipoteka maileguak ematean egokitzapen bat egin beharko dute, baina horrek ez die asko eragingo. Eta, gainera, errealitatera moldatu beharko dute. Egia da orain etxe asko dituztela stock-ean, baina denbora batean gainetik kenduko dituzte, eta irabaziak izango dituzte. Horregatik diogu etxebizitza itzultzeak nahikoa izan behar duela. Sistema bidezkoagoa izango litzateke.
Zer ekarri dio M-15ek desjabetzeen kontrako mugimenduari?
Bultzada handia, antolatzeko balio izan digu. M-15ek agerian utzi du orain arte ezkutatuago zegoen errealitate gordin bat.
Zenbat pertsona egon daitezke desjabetuak izateko arriskuan?
Ez da erraza zenbatzea, baina pentsatzen dugu urte amaiera bitartean mila familia izan daitezkeela autonomia erkidegoan. Asko dira. Eta horietako asko egoera gogorrak ari dira bizitzen.
Zer gomendatuko zenioke etxea galtzeko arriskuan egon daitekeenari?
Lehendabizi, herri eta hirietako batzarretara joan dadila. Informazioa jasotzeko. Edo Facebook bidez gurekin jar dadila harremanetan. Gero, pertsona horren egoera juridikoa begiratu beharko genuke, jende askok ezjakintasunez jokatzen duelako eta horrek egoera ia surrealistak ekartzen dituelako. Hala ere, finantza erakundeek malgutu egin beharko dute euren jarrera hemendik aurrera. Orain arte bezain zurrun jokatzen segitzen badute, etxebizitza stock izugarriarekin amaituko dute. Eta ez dut uste hori ere nahi dutenik.
Marta Uriarte. Hipotekak kalte egindakoen EAEko plataformako kidea
«Ezinbestekoa da etxebizitza itzultzearekin zorra kitatu ahal izatea»
Herrialde Katalanetan hasitako bideari jarraiki, PAH hipotekak kalte egindakoen plataforma sortu dute EAEn. Bankuekiko zorra kitatzeko etxea itzultzea nahikoa izateko ekimena bultzatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu