Mendekotasunaren Legearen garapenaren geldialdiak ez du ezustean harrapatu Joseba Zalakain, Siis Egia Kareaga Fundazioko Dokumentazio eta Ikerketa zentroko zuzendaria. Dena den, Mariano Raxoi Espainiako presidenteak hauteskunde kanpainan ideia «kezkagarriagoak» bota zituela adierazi du; Mendekotasun Legea ezin ordaindua, kasu. Garai gogorrak izan arren, EAEn ongizate estatu «sendoa» dagoela ohartarazi du, laster «beherapenak» etor daitezkeen.
Mendekotasun Legearen garapena gelditzeak zer garrantzi du?
Neurriaren eragin praktikoa ez da oso handia. Behar maila txikiena dutenei eragingo die, eta orain arte jaso dutenek oraindik ere jasoko dute. Dena den, neurri hori baino larriagoa da zein gutxi eta zein gaizki garatu den legea Espainian. Euskadin nahiko ondo egin dira gauzak.
Legea gorakada ekonomikoaren une gozoenean idatzi zen, baina finantzaketan oinarri sendorik ez izatea leporatu izan diote. Nola zuzendu daiteke hori?
Dirua kostatzen duten eskubideak ezin dira bermatu, dirua ez bada jartzen, eta dirua zergen bidez jartzen da. Ez dago besterik. Askok ez dute ulertu nahi. Esku hartze publiko osoari dagokio; ezinezkoa da ongizate estatu sendo bat izatea zerga baxuekin, eta hori pentsatu izan dugu.
Nola jokatu dute beste herrialde batzuetan?
Frantzian eta Alemanian, eskubide berri bat jarri dutenean, hori finantzatzeko zerga bereziak jarri dituzte: jaiegunak kendu, kotizazio bereziak, aberatsei zerga bereziak ezarri... Eskubideak bermatzeko, zergak behar dira, eta are gehiago kalitate handiko eskubideak nahi baditugu. Aukeratu behar da: zerga gehiago edo zerbitzu gutxiago. Zerbitzu gutxi dagoenean, dirua dutenek lortzen dute zerbitzuak beren kabuz ordaintzea, eta dirurik ez duena ezer gabe gelditzen da.
Mendekotasun Legeak, arretarako zerbitzu sistemak sortutako lanpostuen bitartez, bere buruaren zeharkako finantzaketa erraztuko zuela esan zen, baina ez da lortu. Espero zitekeen halakorik? Edo baikorregiak izan ziren?
Bi gauzak izan daitezke. Gizarte zerbitzuek lana sortzen dute, emakumeentzako lana da askotan, ezin da kanpoko herrialde batera eraman lan hori, pobrezia saihesteko eraginkorra da... Baliteke jendea baikorregia izatea aurreikuspenak egin zirenean, baina arazo nagusia legearen kudeaketa txarrarekin lotuta dago. Zerbitzuen legea izan behar zuenak diru laguntzak bultzatu ditu.
Zergatik?
Diru laguntzek ez dute ematen kalitatezko zerbitzua, ez dute lanposturik sortzen; askotan, mendekotasuna duen pertsonaren egoera ez da askorik hobetzen... Ordea, familientzako laguntza bat dira. Gaur egun, familia batek nahiago du 500 euroko laguntza jaso, mendeko pertsona egoitza batera bidali baino. Diru laguntza handia banatu denez, lanpostu horiek ez dira sortu. Edo ez dira azaleratu behintzat.
Zerbitzuengatik berriro ordaintzeari buruz ere luze hitz egin da. Zerbait konpontzen al du horrek?
Herrialde askotan egiten da mendekotasunak sortutako beharraren ordainketa partekatua. Jendeak, dirua badu, ohea eta janaria ordaintzen du, baina ez mendekotasunaren arreta. Beste eremu batera eraman daiteke adibidea; ikastetxeetan ez da heziketagatik ordaintzen, baina bai jantokia erabiltzeagatik. Horrelako eredu bat interesgarria da. Edozein modutan, egoitzen kostua eta pentsioak ikusita, ordainketa partekatua ez da inoiz mauka izango. Altuegi jarriz gero, dirua duenak sare publikotik alde egingo du, eta hori ez da inoren helburua. Oreka lortu behar da.
Joseba Zalakain. Siis Egia Kareaga Fundazioko Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria
«Ezinezkoa da ongizate estatu sendo bat izatea zerga baxuekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu