Ezkabamendiko gotorlekuko presoen hitzak irudi bilakatzen ari da Alforja. Aurten amaitu nahi du proiektua.
Zerk bultzatuta heldu diozu gai honi?
Aspalditik egin nahi nuen historia nola berridazten den azaltzeko lanen bat. Nire hasierako ideia intsumisioaren ingurukoa izan zen. Mugimendu hori oso garrantzitsua izan zen Nafarroan. Armadak profesionalizatzeko erabakia hartu behar izan du gazteak kartzelara joateko prest egon direlako. Baina orain, 20 urteko gazteek oso bestelako ideia dute gertatutakoaz, Armadaz.
Nola lotu duzu intsumisioari buruzko hausnarketa Ezkabamendiko gotorlekuarekin?
Kasu horretan ere gertatutakoa berridatzi dutelako. Iruñeko toki guztietatik ikusten da Ezkabamendiko gotorlekua, baina ezer gutxi daki jendeak han gertatutakoaz. Kasualitatez, argazkilaria den lagun batek, Jesus Mari Arruabarrenak, Ezkabamendiko gotorlekuaz galdetu zidan. Iruñera etorri, eta gotorlekua erakutsi nion. Eta orduan konturatu nintzen amnesia historikoaren sinbolo garbia dela eraikin hori.
Felix Sierrak 1990. urtean idatzitako liburua da proiektuaren oinarria. Zer ekarpen berri egiten du zure lanak?
Gaiari heldu nionean Felix Sierrarekin harremanetan jarri nintzen. Harekin eta Pamielako kideekin mintzatu, eta liburuaren argitalpen berri bat egiteko ideia sortu zen. Askoz ere agiri, informazio eta testigantza gehiago sartzeko. Espainiako hainbat tokitan egon gara Ezkabamendiko espetxean egon ziren, eta oraindik bizirik dauden presoekin hitz egiten. Bestetik, emakumearen papera aztertu dugu. Izan ere, gizonak gotorlekuan zeuden bitartean herri askotan bakarrik zeuden emakumeak, haien senitartekoak salatu eta erail zituzten pertsonekin.
Fusilatutakoen ingurukoak, halaber, ekarpen berria dira.
Bai. Ezkabamendiko gotorlekuaren inguruan kondaira beltz asko izan da beti. Beti aipatzen zen jendea fusilatzen zutela. Orain horren lekukotasunak jaso ditugu. Testigantzak badira. Gotorlekura eramandako jende askoren berririk ez da eraikineko artxiboetan. Ofizialki han egon ez den jende asko fusilatu zuten gotorlekuaren inguruan.
Ez da gai samurra. Zer nolako harrera egin dizute preso ohiek?
Gehienek pozik hartu naute. Hitz egiteko gogoa bazutela sumatu dut. Eta, askotan, familiari inoiz kontatu ez diotena kontatu didate niri. Egin izan ditut elkarrizketak nire atzean hamar lagun zeudela. Senitartekoak ziren, lehenengo aldiz entzuten aita edo aitona erraten ari zena. Argi dago isiltasuna hautatu dutela urte askotan nagusitu den beldurragatik. Ez dugu ahaztu behar frankismoa altxamendu militar baten ondorio izan zela. Francoren eta errepublikaren aldekoek oso bestelako balioak defendatzen zituztela.
Entzun dituzun kontakizun guztiak entzunda, zerk hunkitu zaitu gehien?
Niretzat garrantzitsuena izan da ohartzea Ezkabamendiko gotorlekuko pareten atzean elkartasuna ez zela hil. Borrokarako grina ez zela hil. 2.500 lagun bizi ziren, oso baldintza kaskarretan. Lurrean lo egin behar zuten. Egoera gogor horren gainetik, ordea, elkartasunerako tartea bazen Ezkabamendin. Euren ideiei eutsi zieten han sartutako pertsonek.
Noren bizitza datorkizu burura?
Jende askorena. Adibidez, Agapito Galindorena. 95 urte ditu. Sei anaia bazituen. Guztiak erail zituzten 36ko gerran eta ondoko garaian. Martin, Ezkabamendiko gotorlekuan hil zuten. Agapitok ez zuen gotorlekutik ihes egin 1938ko maiatzaren 22 hartan. Gauza gogorrak bizi izan ditu, baina, hala eta guztiz ere, umorea ez du galdu. Eta umorez gogoratzen ditu ordukoak. Eta gogoratzen du txiskeroarekin egiten zutela bizarra. Eta han ikasi zuela irakurtzen.
Dena ez zen umorea izanen.
Ez. Badira beste hainbat kasu. Javier Rocaforten eta Francisco Morionesen testigantza, adibidez. Zangozako bi sozialisten semeak dira. Atxilotu, eta gotorlekura eraman zituzten. Hogei hilabetez egon ziren han, baina haien izenik ez da agertzen. Aske utzi, eta gotorlekuaren inguruan fusilatu zituzten.
Nolakoa izaten ari da lan prozesua?
Ez da lan erraza. Iturriei dagokienez, lehenengoa Felix Sierraren liburua izan da, eta, agiri horretatik abiatuta, Emilio Majuelo historialariaren laguntzaz, Espainiako Espetxe Erakundeen artxiboetan lanean aritu ahal izan dut, Madrilen eta Iruñean.
EZKABAMENDIKO IHESALDIA. «Ezkabamendiko pareten atzean elkartasuna ez zen hil»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu