Sutea

Ezkabamendin 145 hektarea uztondo eta baso kiskali dira

145 hektarea lur eta baso erre ditu Ezkabamendiko suteak, Javier Caballero Nafarroako Gobernuko Presidentzia eta Barne kontseilariak jakinarazi duenez. 145 hektarea horietatik 50 landa lurrak dira, eta uztondoa kiskali du suak. Osterantzeko 95 hektareak basoa ziren. Sua "ia erabat itzalita" dagoela erantsi du Caballerok.

2005eko abuztuaren 5a
15:13
Entzun
Ingurumenean kalte handia egin du Ezkabamendiko suteak. Izan ere, kiskali diren 145 hektareatatik 90 basoa ziren: 45 pinu basatia, 20 haritz mediterranearra eta beste 30etan artea eta 2000ko sutearen ondoren landatutako haritz mediterranearra zeuden.

Atzo 12:30etan piztu zen Ezkabamendiko sutea, Untzu kontzejuko galtzu eremu batean,Nafarroako Gobernuak uste duenez, gaizki itzalitako zigarrokin baten ondorioz. Handik laster zabaldu ziren sugarrak mendian gora, iparreko haize indartsuak bultzatuta. Suteak hartutako tamainaren ondorioz, errepide zati batzuk moztuta izan dira, eta mendi barreneko herri txikiren bateko bizilagunak urrunarazi dituzte.

Bart goizaldean sua menderatu dutela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, Suhiltzaileen Patzuergoko baliabide guztiak ibili dira lanean: 50 suhiltzaile, laguntzaileak, hiru helikoptero, hegazkin arin bat eta sutea eteteko zanga irekitzeko makinak. Horrez gain, Errioxatik eta Aragoitik eramandako bi hegazkin arin, bi hegazkin anfibio eta helikoptero unitate bat erabili dituzte. Gau guztian ibili dira lanean, baliabide horiekin guztiekin, eta goizaldera lortu dute sua kontrolatzea.

Nolanahi ere, 07:40etan lanari ekin diote berriro Nafarroako Suhiltzaileen Patzuergoko kideek euren baliabide propioekin. Oraindik ketan dauden guneetan ari dira lanean. Hala ere, dagoeneko sutea "ia erabat itzalita" dagoela azpimarratu du Caballerok.

Ezkabamendi Iruñea ondoan dago, eta tontorreko San Cristobal gotorlekua monumentu historikoa da. 2000. urtean sute handia izan zen mendi horretan bertan; 90 hektarea kiskali ziren orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.