Ezker abertzalea alderdi bat sortzeko lanean ari dela baieztatu du Morenok

Basagoitik Espainiako Gobernuari eskatu dio ahal duen guztia egin dezala «erakundeetan ETA egon ez dadin »

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
«Oraindik ez dago datarik, baina horretan ari gara». Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak, Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, ziurtatu du ezker abertzalea «estatutu berriak eta izen berria» izango dituen alderdi bat sortzeko bidean dela. Morenok gaineratu du«legezkoak» izatea dela haien asmoa; era berean, berretsi du ezker abertzalearen apustu politikoa ez dagoela unean uneko errealitatearen menpe. «Dena den, hauteskundeak hor daude, eta, jakina, gure asmoa da, lan politikoa eraginkor egite aldera, hauteskundeetara aurkeztea eta ahalik eta babesik handiena lortzea».

Azpimarratu du gero eta harrera hobea sumatu duela gizarte eta politika alorreko eragileekin izan dituzten bileretan, emandako azalpenen inguruan. Denborak aurrera egin ahala, ezker abertzalearen sinesgarritasuna handituz doalakoan dago Moreno. Haren aburuz, erreakzio horrek zerikusia du ezker abertzaleak alde bakarreko erabakia hartu izanarekin. Ezker abertzalearen estrategia aldaketa ikusirik, «jendea harritu egiten da», baina oraindik ere «aurreko eskemekin» funtzionatzeari leporatu dio ikuspuntu hori. «Gobernuarekin zerbait negoziatuta eta hitzartuta edukiko dugula uste dute. Bada, ez; ez dugu ezer. Dugun bakarra da hau dela hartu beharreko bidea, eta horri eutsiko diogu».

Dena den, argi utzi du bide horretan aurrera egitea «oso zaila» izango dela. Haren ustez, oztopo nagusia ez dago ezker abertzalearen barruan, barne kohesioa dagoelako eta hartutako erabakiak gehiengo handiz hartu direlako: «Ez dugu antzematen barne arrisku hori». ETAk berak irailean argitaratutako agirietan ezker abertzalearen erabakiak barneratzeko borondatea agertzen duela berretsi du.

Baina, haren iritziz, «beste aldean» daude oztopo nagusiak. «Arlo politikoan, ekonomikoan eta juridikoan hainbeste tira egin da hari beretik, non orain PSOEri oso zail egingo zaion hori guztia berriz osatzea. PP izango du aurrean, eta ez dio mugitzen utziko». Morenok kritikatu du Espainiako Gobernuak arrazoi politikoengatik atxiloketak egiten jarraitzea, eta, azken polizia operazioa gogoan, oroitarazi du Segi engaiatua dagoela ezker abertzalearen prozesuarekin.

Haren ustez, ETAk beste agiri bat jakinaraziko du, Gernikako akordioan egiten zaizkion eskaerei erantzunez. Dena den, Morenok zehaztu du ezker abertzaleak bere bide orria ezarri duela, eta ez ETArena. «ETAk jakingo du zer egin behar duen, eta hori egingo du, baina guk bide orri bat dugu ezarrita, eta hori Gernikako akordioari lotua dago, baita orain legeztatzeko eta eskubide urraketak gainditzeko bideari ere».

«Berrogeialdi demokratikoa»

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, berriz, beharrezkotzat jo du ETA «berrogeialdi demokratikoan» jartzea, egiaztatzeko benetan «terroristek demokraziaren alde egiten ote duten». Berrogeialdia, antzina, izurriteei aurre egiteko 40 eguneko bakarraldia izaten zen, baina Basagoitiren proposamena, «gutxienez, lau urtekoa» da. Haren ustez, «nahiz eta ETAk esan batzuek esaten dioten guztia, ETA ezin da hauteskundeetara aurkeztu, berrogeialdian egon beharduelako, hiltzaile talde horren hamaikagarren iruzurra izan ez dadin».

Espainiako Gobernuari eskatu dio ahal duen guztia egin dezala «ETA erakundeetan egon ez dadin». Alde horretatik, mezu bana igorri dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari eta ETAri: «Zapaterok auzi honetan berriro hanka sartzen badu, Mariano Raxoik berriro bere tokian utziko du. ETAk jakin behar du inork sari politikoren bat agintzen badio ere PPk kendu egingo diola». Haren iritziz, arriskua da ETAren amaieran buru-belarri jarri ordez «norbaitek marketin operazio batean» pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.