Ezker abertzalearen iritzian, Amaiur da, alderdi interesen gainetik, herri gisa pentsatzen eta jokatzen duen alderdi politiko bakarra. Horregatik, «abertzale» eta «demokrata» guztiei azaroaren 20an Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan botoa Amaiurri emateko eskatu zienatzo Miramar jauregian egin zuten agerraldian: «Botoa Amaiurri emanez, Euskal Herria aterako da garaile». Maribi Ugarteburuk eta Rufi Etxeberriak hitz egin zuten; han ziren, besteak beste, Tasio Erkizia, Joseba Permach, Pernando Barrena, Miren Legorburu eta Joseba Alvarez ere.
Ezker abertzaleko kideek, koalizio berriak «jauzi handia» emateko duen nahia nabarmendu zuten. «Amaiur independentziaren alde borrokatuko da, baita presoak etxeratzearen alde, biolentzia adierazpen guztiak desagertzearen alde eta beste alderdien ekonomia alorreko eskaintza pozoitsuen aurka ere». Argi daukate, hala ere, Madrilek Euskal Herriari «nazio izaera izateko eta erabakitzeko dagozkion eskubideak» ukatzen jarraituko duela. Ezker abertzalearen arabera, «krisi itzulezinean murgildutako estatuak» bi aukera ditu: «Atzera egin eta bigarren trantsizioan murgildu edo nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea onartu eta bide berri bati ekin». Bidegurutze horretan, azaroaren 20an «ezkerreko independentismoa garaile» ateratzearen aukerari «anbizioz» erantzun behar zaiola azpimarratu zuten.
«Giltza indarrak batzea da»
Ezker abertzalearen ustez, Euskal Herrian «aurrerapen handiak izaten ari diren garai honetan», Amaiurrek aurrera egiteko giltzarekin asmatu du: «Konponbide demokratikoaren eta independentziaren alde jarduteko prest dauden indarrak metatu ditu. Batasun horrek indartsuago egingo gaitu». Jakinarazi zuten indar metaketari emandako ezezkoaren ondoren «EAJ kanpainan egiten ari den probokazioen amuari» ez diotela helduko. «Etorkizunean elkarrekin lan egiteko proposamena bideratzea espero dugu, betiere herri gisa pairatzen dugun eskubide urratzeari aurre egiteko».
Ezker abertzaleak dei egin die herritarrei larunbatean Donostiako belodromoan egingo den ekitaldira: «Ziur gaude, larunbatekoa izango dela kanpainako ekitaldi jendetsuena eta indartsuena; ziur gaude, belodromoan ikusi ahal izango dela azaroaren 20an hautestontziak beteko dituen olatua».
Espainiako Gorteetako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Ezker abertzalea: «Amaiur da herri gisa pentsatzen eta jokatzen duen bakarra»
Amaiurren alde bozkatzera eta belodromoko ekitaldian parte hartzera deitu ditu herritarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu