EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Ezker abertzalea: "Aterabide bakarra independentziarako aldebakarreko adierazpena da"

Maribi Ugarteburuk eta Marian Beitialarrangoitiak agerraldia egin dute Donostian. Berretsi dute harremanak dituztela PSE-EErekin, eta adierazi dute PPrekin elkarrizketa egon dadin "ahalegin guztiak" egingo dituztela. 

Berria.info
2012ko irailaren 14a
22:14
Entzun

Ezker abertzaleak adierazi du "inposizioen aurka aterabide bakarra independentziarako aldebakarreko adierazpena" izango dela. Maribi Ugarteburuk eta Marian Beitialarrangoitiak agerraldia egin dute Donostian, testuinguru politikoaren gaineko gogoeta egiteko. 

Beitialarrangoitiak azaldu du eragile bakoitzak bere gain hartu behar duela konponbidearen bidea jorratzeko planteamenduak zehazteko ardura. "Eta guztion arteko elkarrizketari haizea ematekoa". Ezker abertzalea horretan ari dela berretsi dute, eta PSE-EErekin harremanak dituztela aitortu du Beitialarrangoitiak. PPrekin ere elkarrizketa abiarazteko borondatea dutela esan du Beitialarrangoitiak, eta horretarako "ahalegin guztiak" egingo dituztela. "Aurkakoen arteko elkarrizketa beharrezkoa delako".

PPk konponbiderik nahi ez badu gatazkari irtenbidea eman nahi diotenen arteko elkarlanari ekin beharko zaiola adierazi dute ezker abertzaleko kideek. "Hori eskaini nahi dugu: konponbiderako eskaintza adostua". Beitialarrangoitiaren esanetan, Espainiako Gobernuaren parte hartzea ezinbestekoa da lan horretan. "Baina ez badu horretarako borondaterik agertzen etorkizunean, arduragabekeria litzateke egungo belaunaldiak eta etorkizunekoak eskubiderik gabe eta pobrezia ekonomikora kondenatzea". Hala, subiranotasunaren bidean sakontzea proposatu du ezker abertzaleak, beharrezko instrumentuak sortuz, gehiengo sozial independentista mobilizatuz eta independentziarako aldebakarreko adierazpena egiteko borondate politikoa agertuz.

Josu Uribetxebarriaren kasua ere hizpide izan dute ezker abertzaleko ordezkariek. Nabarmendu dute berri ona dela Auzitegi Nazionalak preso gaixoari baldintzapeko askatasuna eman izana, baina "agerian utzi ditu hainbat hutsune". Bake prozesuan aurrerapausoak ematea eragile politiko, sindikal eta sozial guztien eginbeharra eta lehentasuna behar luke izan ezker abertzalearen esanetan, "baita Espainiako eta Frantziako estatuetako gobernuena ere". Aldiz, PPren gobernuaren erantzun bakarra jokaleku berriari "boikota" egitea dela salatu dute. 

Gatazkaren konponbide prozesua "blokeatzeko" saioa Espainiako Gobernuak proiektu independentistari era demokratikoan aurre egiteko duen ahuldadearen barruan ulertu behar dela adierazi du Ugarteburuk. "Hori nola konpontzen da? Alor guztietan indarrak metatuz, elkarrizketa bultzatuz, borroka eginez eta ekimenak ugarituz. Horrela soilik lortu ahalko dugu gobernuak dagokion ardura hartzea", azaldu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.