Egoera «zirraragarriak» aurreikusten ditu instituzioetan. Aurrera begira, ezkerreko taldeen arteko itunen aukera plazaratu du.
Zeintzuk dira PSE-EEren erronka nagusiak hauteskunde hauetan?
Dugun indar instituzionala mantentzea eta beste batzuk eskuratzea. Hauteskunde mapa berriak espektatiba asko ireki ditzake. Badira ezker abertzalearen ordezkaririk ezak EAJri gehiengo osoan utzi dizkion udalak eta orain udalbatzetako gehiengoak aldatu daitezke eta beste itun batzuk egitea ahalbidetu. Egoera zirraragarriak datoz bozen ondoren. Euskal Herriko mapa politikoa asko sinplifikatuko da etorkizun hurbilean. Lau alderdi indartsu egongo dira: alderdi eskuindar abertzale bat eta konstituzionalista bat, eta ezkerreko alderdi abertzale bat eta konstituzionalista bat. Izen batekin edo bestearekin, ezker abertzalea itzuliko da instituzioetara, izan hauteskunde hauetan edo izan hurrengoetan. Eta, gerora, itunetarako konbinazio asko sortu ahalko dira, behin denbora bat pasata.
Iradokitzen ari zara PSE-EEk bestelako harremana izan dezakeela...
Ez, nik ez dut ezer iradokitzen. Esaten dudana da bestelako eskenatokia zabaltzen dela, denborak gauzak bere lekuan jarriko dituela, eta beste aukera batzuk irekiko direla, behin denbora pasata.
Faltan botatzen duzu ezkerreko indarrekin akordioak egin ahal izatea?
Bai. Gertatzen dena da momentuz ez dagoela aukerarik; edo, daudenek oso ordezkaritza murritza dutela. EB ezkerrekoa da baina etorkizun eskasa du, hutsala ia. Gauza bera esan genezake Aralarri buruz. Areago, egoera honekin nahiko urduri dago Aralar bere etorkizun ezegonkorragatik. Eta ez dago besterik. Herri honetan, zoritxarrez, eztabaida beti egon da abertzale eta ez abertzaleen artean banatuta. Guk nahiago genuke ezker-eskuin eztabaidan murgilduko bagina, baina oraindik ez gaude eskenatoki horretan. Hemen dugun arazoak euskal politikagintzaren oinarria kutsatu du. ETA existitzen zen eta horrek dena nahasten zuen. Sozialistok eta popularrek ezin izan dugu aukera berdintasunean aurkeztu orain arte, ezin genuen gune zehatz batzuetara joan aurkako lurraldetzat jotzen zirelako. Ea iristen den Euskadin inorentzat aurkako lurralderik ez dagoen momentua; ez batzuentzat ez besteentzat.
«Ezker abertzalea instituziotara itzuli, eta itunetarako konbinazio asko sortuko dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu