Ezker abertzaleak maiatzeko bozetan egoteko aukera izango duen edo ez ikuskizun dago. ETAren su-etenak horri buruz hizketan jarri ditu politikariak, eta Iñigo Urkullu EAJko EBBko buruak esan du ezker abertzalea legezkoa izatea gustatuko litzaiokeela, betiere «legea betetzen baldin badu». Hori horrela gertatuko dela zalantzan zertan jarririk ez dagoela gaineratu du, «haiek ulertu baitute eman beharreko pausoa hori dela». Ezker abertzaleari ohartarazi dio «egiatia» izan behar duela, «bestela beraiek ere badakite zein etorkizun duten».
Eskaera ere egin dio «mundu horri» Urkulluk: «ETAri esan behar diote 'alferrik zaude, zureak egin du, eta guri dagokigu bide politikoa'». ETA eta ezker abertzalea «nahitaez» lotu beharrik ez dagoela azpimarratu du.
Euskal Herriak «elkarbizitza politikorako premia» duela ohartarazi du Urkulluk TVEn egin dioten elkarrizketan, eta hori ulertzeko eskatu die alderdiei. Hala, «egonkortasun eta bake» egoera baliatu, eta urratsak egitera dei egin die bai alderdiei eta baita Espainiako Gobernuari ere.
ETAren su-etena «ezer ez baino gehiago» dela nabarmendu du, nahiz eta argi utzi duen jeltzaleak ez dituela bete erakunde armatuaren azken agiriak. Haren ustez, su-eten adierazpena ez beste guztia soberan du agiri horrek.
Baldintzarik gabe
EAJk kudeatzen duen Udalbiltzak ohar bat kaleratu zuen atzo ETAren su-etenaren balorazioa eginez. Maria Eugenia Arrizabalaga presidenteak sinatutako agiriak dio, «aitzakiak» utzi behar direla, eta ezker abertzalea legeztatu egin behar dela. «Orain aitzakien bila dabiltzanei exijitzen diegu ilegalizazioa behingoz bertan behera uzteko, bakea sendotzeak eta normalizazio politikoak ere horrela exijitzen dutelako».
Udalbiltzaren iritzian, «ezker abertzalearen bilakaeraren ondorio» da ETAren erabakia. «Bide politikoa indarkeriari gailendu» zaiola nabarmendu du oharrean, eta, haren iritzian, horrek sor dezake «benetako eszena berria».
Arrizabalagaren irudiko, «ETAk betidanik zor izan dio herriari bakea», eta «beranduegi» dator zor hori kitatzera: «Hainbat eta hainbat pertsona eta familiaren bizitza hautsi eta duintasuna urratu eta gero. Herri honen erabakitzeko eskubidea gauzatzeari oztopoa jarri eta gero». Nolanahi ere, ETAren iragarpenak itxaropena sortzen duela azpimarratu du Udalbiltzak; «Euskadik behar eta merezi duen garai berri bati behingoz ateak zabaltzen lagunduko duelakoan gaude».
ETAren su-etena. Erreakzioak
Ezker abertzalea maiatzeko bozetan egotea nahi du Urkulluk, «legea betetzen badu»
Aitzakiak utzi eta ezker abertzalea legeztatzeko eskatu du EAJk kudeatzen duen Udalbiltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu