Nolanahi ere, Ezker Abertzalek taldeko Erauskinek nabarmendu du Ibarretxeri bi boto horiek eman arren, ez duela esan nahi ez berari ez osatuko duen Gobernuari babesa ematen diotenik. Beren botoek "aukera berri bat" zabaltzeko helburua dutela zehaztu du, "demokraziaren eta bakearen bidea indarrak bilduz" osa dadin.
Erabaki horrekin, Ibarretxeri "beste aukera bat"nahi diotela azaldu du, "baina ez alferrik galtzeko" ohartarazi.
Ezenarrok, berriz, gaurko bozketan Ibarretxeri botorik ez diotela emango argudiatzeko, hauteskundeetatik gaurko saiora bitartean hirukoak eurekiko izan duen jarrera kritikatu du. Ezenarroren arabera, EAJk, EAk eta EBk ez dute eurekin benetako elkarrizketarik eta programa aldetiko akordiorik lortzeko borondaterik izan, Aralarren "pisu espezifikoa txikia" izanik "ziurtzat"jo dutelako beren botoa Ibarretxerentzat izango dela. Akordiorako oinarriak egon badaudela berretsi du Ezenarrok, eta autokritika egiteko eskatu dio hirukoari.
Eusko Jaurlaritzaren osaketa / Inbestidura saioa
Ezker Abertzalea taldearen bi botorekin 34 eskuratu ditu Ibarretxek, Lopezek baino bat gehiago
EAJren, EAren eta EBren hautagai Juan Jose Ibarretxek 34 boto jaso ditu inbestidura saioko lehen bozketan (hirukoaren 32 eta Ezker Abertzalea taldearen 2); sozialisten hautagai Patxi Lopezek, berriz, 33 (PSE eta PP). Galdera askorekin hasi da saioa, PPk, Ezker Abertzalea taldeak eta Aralarrek gaur arte ez baitute jakinarazi zein zen beren hautua. Azkenean, PPk Lopezen alde egin du, Ezker Abertzalea taldeak bi boto Ibarretxeren alde eman ditu eta beste zazpi baliogabe (Demokrazia eta bakea idatzita), eta Aralarrek txuri bozkatu du. Bozketa irabazi arren, Ibarretxek ez du lehendakari hautatua izatea lortu, lehen bozketa izanik gehiengo osoa behar baitzuen. Bihar goizeko bozketa, ordea, gehiengo sinplez erabakiko da, eta Ibarretxek nahikoa ditu gaurko 34ak hautatua izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu