Ezker abertzaleko ordezkaritza batek «Euskal Herriko konponbide prozesuan egindako azken urratsen berri» eman du Erresuma Batuko Legebiltzarrean, ezker abertzaleak berak atzo igorritako prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuenez.
Hain zuzen ere, Westminsterreko Legebiltzarrak munduko gatazkak aztertzeko osatutako alderdi guztien arteko batzordean eman zituen azalpenak ezker abertzaleko ordezkaritzak. Gorka Elejabarrietak hitz egin zuen batzorde horretan.
Alderdi Laboristako parlamentari Andy Slaughterrek gidatu zuen batzordearen bilera, eta legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeetako ordezkariek ere hartu zuten hitza.
Konferentzia ardatz
Parlamentari britainiarren aurrean, Elejabarrietak astelehen honetan Donostian egingo den Euskal Herriko Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia hartu zuen ardatz gisa azken hilabeteetan Euskal Herrian egin diren urratsak azaltzeko, eta bereziki nazioarteak egin duen esku hartzea nabarmendu zuen.
«Bruselako adierazpena, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen aurkezpena eta egindako lana, eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen eraketaren ondoren, Gatazkaren Konponketa Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia bat antolatzea oso urrats garrantzitsua da», aipatu zuen ezker abertzaleko ordezkariak, eta konferentzia hori «egoera berria sendotzeko eta gatazkari konponbide integral eta partekatuan aurrera egiteko lagungarri» izango den itxaropena agertu zuen.
«Prozesuan aurrera egiteko unea» iritsi dela ere esan zuen Elejabarrietak, diputatu britainiarren aurrean; aurrera egiteko moduak zein izan behar duen ere azaldu zuen: «Aterabide demokratiko integralak eraikitzeko konpromisoak hartu behar dituzte eragile guztiek, era arduratsu eta eraikitzailean arituz». Gatazka konpontzea posible dela gaineratu zuen, «borondatea baldin badago». Elejabarrietaren hitzetan,konponbidearekin «guztiok garaile izango gara».
Bigarrenez
Euskal Herriko gatazkaren antzekoak aztertu, gatazka horietako aldeei hitza eman eta konponbide posibleez eztabaidatu ere egiten du Westminsterreko Legebiltzarreko batzorde horrek.
Aurten dagoeneko bigarren aldia dute Euskal Herriaz mintzo direla. Aurrekoa iragan otsailaren 16an izan zen. Orduan, Brian Currin joan zen Euskal Herrian egindako bitartekari lanaz mintzatzera. Espainiako Gobernuak eskatuta, Askatasunerako Fundazioko ordezkari Guillermo Barredok ere parte hartu zuen bilera hartan, baina ezker abertzaleko ordezkaritza bat ere izan zen han, Elejabarrieta bera, hain zuzen ere.
Orduan, parlamentari britainiarrek eta parte hartu zuten ordezkari gehienek Euskal Herrian ireki den aukera berria aprobetxatzeko eskatu zuten.
Ezker abertzaleak azken urratsen berri eman du Londresen
Westminsterreko Legebiltzarreko batzorde batean izan da, alderdi guztietako ordezkarien aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu