Gaur urte erdi bat bete ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik, eta ezker abertzaleak azpimarratu du "Euskal Herria konponbide demokratikorako bidea urratzen" ari dela, "euskal jendartearen eta nazioarteko komunitatearen bultzadari esker".
Espainiako Gobernuarekin "talka" egiten ari direla aitortu du, baina, ezker abertzaleak, Maribi Ugarteburu bozeramailearen esanetan. "Gatazka politikoaren behin betiko konponbidearen bidez bakea lortzeko aukera usteltzen utzi nahi du PPk. Horretarako eskubide urraketan eta indarkerian oinarrituriko estrategiari eusten dio. Konponbide agertoki bati beldur itzela dio PPk, gure herriarentzako inolako etorkizuneko eskaintzarik ez duelako".
Ezker abertzaleak deritzo irtenbide eta bake agertokia eraikitzeko ezinbestekoa dela elkarrizketa eta akordio prozesua garatzea. "Aieteko Adierazpena eta bere edukiak dira konponbide prozesuaren bide-orria". Hala, atzo Madrilen aurkezturiko Bakea eta demokrazia Euskal Herrian agiria txalotu du.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren arabera, "Espainiako Estatua errotik ari da huts egiten "blokeo politikari eutsita. Dagoeneko ez dago arrazoirik blokeo horri eusteko. Gizartean gero eta babes txikiagoa du". Euskal Herriak gatazka konpontzeko borondatea badela uste du Etxaidek; "estatuak pausoak ematea baino ez da falta".