Ezker abertzaleak baieztatu du PSE-EErekin "elkarrizketa harremana" daukala, eta nabarmendu du "gatazka konpontzeko Euskal Herrian eragile diren indar politiko guztiekin elkarrizketa eta harreman dinamika iraunkorra izateko bokazioa" duela, PPrekin barne. Hala esan du gaur eguerdian Donostian Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko eledunak, prentsaurreko batean.
"Eragile guztien artean da beharrezkoa hitz egitea; elkarrizketa eta harreman politikoa izatea. Gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu hori gauzatzeko", adierazi du Ugarteburuk. Hala, PPrekin ere hizketan hastea lortuko dutela azaldu du.
"Elkarrizketa mahaiak edo prozesuak akordio demokratikoa bilatu" behar duela dio ezker abertzaleak. "Gatazka politikotik elkarbizitza demokratikora eramango gaituen akordioa behar da, eskubide guztien aitortzan eta proiektu politiko guztiak egingarri izatearen bermean oinarrituko den akordioa".
"Gatazkaren ondorioen inguruan" ETAren eta Espainiako eta Frantziako gobernuen arteko elkarrizketak ere aldarrikatu ditu.