Ezker abertzaleak arratsaldean esan du bart Aguraingo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontra izandakoaren moduko "gertaerak lekuz kanpo" daudela, bere estrategiarekin ez datozela bat eta "indar metaketa oztopatu" egiten dutela.
Hain zuzen, lehergailu batek eztanda egin du Lanbideren egoitzan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Eztandak ez du kalte handirik eragin. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Gasolinaz eta petardoz osatuta zegoen lehergaia, iturri haren arabera.
Ezker abertzaleak prentsa oharra atera aurretik Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak hari ekintza salatzeko eskatu dio. Erasoa "oso larria" dela deritzo.