Ezker abertzaleak dio EAJk ez diola erantzun proposamenari

Erkorekak azaldu du «lankidetza» izango dela Bildu eta EAJren artean Euskal Herriaren «eskubideen» inguruan

Aliantza proposamena aztertzeko egindako lehen bilera. IÑIGO URIZ / ARP.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak adierazi du EAJk «oraindik» ez diola erantzun Espainiako hauteskunde orokorretara begira EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak eginiko aliantza proposamenari, nahiz eta EAJko hainbat buruzagik adierazpen «ugari» egin dituzten.

Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaileak, baina, azaldu du «lankidetza, laguntza eta jarduera bateratuak» egongo direla Bilduren eta EAJren artean Euskal Herriaren «eskubideen» inguruan, baina ez dela koalizio bat osatuko. Ezker abertzalearen iritziz, oraingo «momentu politikoan» Espainiako Gorteetarako hauteskundeak «aukera ezin hobea» dira Euskal Herrian «irekiriko fase politikoan sakontzeko», eta «bake eta behin betiko konponbide demokratikoen prozesuan» aurrera egiteko.

Gainera, ezker abertzaleak azaldu du hauteskunde horiek Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrek «subjektu politiko bat» osatzen dutela Madrilen aldarrikatzeko eta exijitzeko aukera bat direla eta, horregatik, Espainiako Estatuarekin eta Europarekin bere barne eta kanpo harremanak zein izan behar duten «erabakitzea» dagokiola.

Era berean, esan du «beto eta aldez aurreko bazterketarik gabe» indarrak metatzeko proposamen «argi eta zintzoa» egin dutela EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak. Horrez gain, hau salatu du: «Oinarririk gabeko aitzakiak eta maiz faltsuak diren argudioak erabiltzen ari dira EAJko buruzagiak ezker abertzaleari erasotzeko eta, horrela, ikuspuntu abertzale batetik justifikatzeko zaila den jarrera politiko bat justifikatzen saiatzeko».

Nolanahi ere, «erabakitze eskubidearen alde» indarrak metatzeko eskatu dio ezker abertzaleak EAJri.

Baina Erkorekak adierazi du proposamen hori «Madrilen parlamentuko jarduera nolakoa den jakin gabe» egin dutela. «Erabakitze eskubidearen alde lankidetza» izango dela esan du Erkorekak, baina, horretarako, ez dela koalizioan aurkeztu beharrik.

Bigarren bilera bihar

EA, Alternatiba eta ezker abertzalea Aralarrekin bilduko dira bihar, bigarren aldiz. Abuztuaren 16an egin bezala, Espainiako hauteskundeetara begira aliantza lortzeko bilera bat egingo dute, Donostian, jakitera eman ez den leku batean, eta komunikabiderik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.