Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak gaur jakinarazi duenez, EAk, Alternatibak eta eurek baldintza bat jarri zioten Aralarri Espainiako hauteskundeetarako koalizio bat osatzeko: Kongresuko "erabaki guztiak" Euskal Herrian hartu beharko dituela euren denen arteko koalizioak.
Hiru eragileek EAJri eta Aralarri aipatutako hauteskundeetarako koalizio bakar batean batzeko dei egin zieten, Espainiako Kongresuan autodeterminazio eskubidea eta ezkerreko politikak defenditzeko. Aralarrek baiezkoa eman du, EAJk ezezkoa.
Moreno eta Patxiku Irisarri ezker abertzaleko kideen arabera, orain koalizioaren izenaz eta hautagaiez hizketan ari dira.
UPNk eta PPk Espainiako bozetarako akordioa egin izana oso esanguratsua izan dela adierazi dute Morenok eta Irisarrik Iruñean, "gure proposamenaren potentzialitatea ispiluratu baitu".
Azaroaren 20an izango dira bozak eta, ordezkaritza lortuz gero, "Euskal Herriak burujabetza ekonomikoa eta politikoa" izan dezan "eredu bat" landuko dutela esan dute ezker abertzaleko eledunek prentsaurrekoan. Haien ustez, gaur egun Euskal Herriak burujabetza izateko baldintzak badaude.
Barcina: "Zentro-eskuinaren botoa banatuta, abertzalea izan zitekeen Nafarroako lehen indarra"
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak UPNk PPrekin azaroaren 20ko hauteskundeetarako egindako akordioa babestu du gaur, eta esan du horrek ez duela PSNrekin Nafarroako Gobernuan duten akordioa zertan eraginik izan behar. Barcinaren hitzetan, "elkar ulertze zentzuduna" dute UPNk eta PSNk.
UPNren zuzendaritzak aldeko hemeretzi botorekin eta kontrako birekin onartu zuen PPrekin bat egitea Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Barcinaren ustez, 1982tik egin zituzten akordioen "antzekoa" da. Azaldu duenez, gainera, Nafarroan adostutako akordioak zehazten du horrek ez duela Madrileko botoetan eraginik.
"Nafarroa lurralde konplexua da, plurala. Bildu eta Nafarroa Bai ditugu, Aralarrekin, eta iragarria zuten Aralar Bildurekin elkartzekoa dela. Ondorioz, zentro-eskuinaren botoa banatuta, abertzalea Nafarroako lehen indarra izan zitekeen, eta hori ezin genuen onartu", esan du Barcina Espainiako irrati kate batean egin dioten elkarrizketan.