Ezker abertzaleak dio PSOE eta PP arduragabekeriaz jokatzen ari direla

Epaitzen ari diren Oiartzualdeko gazteei elkartasuna adierazteko gaurko manifestaziora joateko deia egin dute

Ezker abertzaleko bozeramaileak, atzo Donostian emandako prentsaurrekoan. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herrian sortu den egoera politiko berriaren inguruan PSOE eta PP ahultasunean oinarrituta eta arduragabekeriaz jokatzen ari direla salatu dute Miren Legorburu eta Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramaileek. Arrazoiak parezpare jartzeko orduan PSOEk eta PPk beren burua «ahul» ikusten dutela eta «jokaleku berria» saihestu eta «trabatu» nahian dabiltzala adierazi du Legorburu bozeramaileak, «nahiz eta ondotxo dakiten garai politiko berriak ez duela atzera bueltarik, ezker abertzaleak behin eta berriz esan duen bezala». Eztabaida politikoari eta demokratikoari alderdi sozialistak eta popularrek dioten «beldurra» dago horren guztiaren atzean, Legorbururen iritziz .

Oztopoak aipatzean, ezker abertzaleko kidearen ustez, «ez da kasualitatea Espainiako Estatuko bi alderdi nagusiek Espainiako Auzitegi Nazionalaren funtzioa azpimarratzea garai hauetan, epaileei irizpide politikoak ezarriz eta euskal herritarrak zigortzeko premia hori elikatuz epaiketaz epaiketa». Horregatik, Legorburuk salatu du epaiketa «politikoa» dela Segiko kide izatea leporatuta Oiartzualdeko hamasei gazteren aurka Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa.

Era horretan, «eraikuntzan aritu nahi duen euskal gazteriari errepresioaren eta zigorren bitartez bidea moztu» nahi diotela adierazi du bozeramaileak, eta «ezezko erabatekoa» eman diola euskal gehiengo politiko, sindikal eta sozialak egoera hori «blokeatzeko eta boikoteatzeko» helburua duen epaiketa eta jarduera politiko orori.

«Espetxetik kanpo»

Euskal gazteriak Espainia eta Frantziako espetxeetatik «kanpora» egon behar duela adierazi du Legorburuk.

Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren gazteei elkartasuna adierazteko eta epaituko dituztenen absoluzioa eskatzeko manifestaziorako deia egin dute ezker abertzaleko bozeramaileek, Gazteria libre eta legala lelopean. 19:00etan egingo dute manifestazioa, Oiartzungo Ugaldetxotik Errenteriara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.