Hauteskundeak

Ezker abertzaleak "erraz" gainditu du sinadura kopurua

Hautesle elkarteak bozetan izateko beste alderdiei errespetua eskatu die Jone Goirizelaiak. Joseba Alvarezek esan du hurrengo astean hasiko direla zerrendak aurkezten jendaurrean.

2007ko apirilaren 21a
17:27
Entzun
Ezker abertzaleak sustaturiko hautesle elkarteek milaka sinadura behar zituzten maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan parte ahal izateko eta, gaur Jone Goirizelaia buruzagiak Bilbon esan duenez, "erraz" gainditu dute sinadura kopurua. Dena dela, ezker abertzaleak oraindik ez ditu datu zehatzak eman. Izan ere, gaur goizean artean sinadurak biltzen ari ziren. Hala, eguerdiko hamabietan udaleletxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte, Prozesu eta hauteskunde demokratikoen alde lelopean. Bihar bukatuko da sinadurak emateko epea.

Goirizelaiak beste alderdiei errespetua izateko eskatu die hautesle elkarteak bozetan egoteko. Joseba Alvarez ezker abertzaleko kidea, berriz, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteari zuzendu dio mezua. "Buruan ez zait sartzen orain Zapaterok duela lau urte Jose Maria Aznarrek egindakoa egitea, ezker abertzaleko plataformak legez kanpo uztea. Egingo balu, ez litzateke hori prozesua gauzatzen hasteko erarik onena".

Alvarezek esan du laster emango dituztela elkarteon izenak hautes batzordeetan, eta hurrengo astean hasiko direla zerrendak aurkezten jendaurrean. Donostiako ekitaldi batean hartu du parte gaur Alvarezek berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.