Ezker abertzaleak gogor salatu du Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdia erregistratu ez izana, eta mezu zuzena egin dio Espainiako Estatuari: "Horrelako erabakiekin Madrilek uste du Euskal Herriko fase politiko berria apurtu egingo duela, baina ez du lortuko", esan du ezker abertzalearen izenean Marian Beitialarrangoitiak gaur arratsaldean, Donostian. BerriaTBk zuzenean eman du agerraldia.
Ezker abertzaleak berretsi du bere apustu politiko berriarekin aurrera segituko duela, "gatazkari behin betiko konponbidea" emateko asmoz, eta ildo horretan lanean ari diren eragile politiko, sindikal eta sozialak txalotu egin ditu —"adibidez, legeztatzeari baiezkoa esana diote"—.
Borrokan jarraitzeko dei egin du Beitialarrangoitiak. "Egoera honi aurre egin behar zaio. Inoiz baino ozenago esan behar zaio Madrili: bukatu da". Hala, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzaleak ere egon behar duela aldarrikatu du, "eta bitartekoak jarri behar dira horretarako".
Ezker abertzaleak uste du Gorenaren erabakia "politikoa" dela, ez juridikoa, "estrategi politiko baten baitan hartutakoa delako. Gobernuak errepresioarekin erantzun du".
"PSOEk PPrekiko duen morrontza" salatu du Beitialarrangoitiak. "Etengabe ari da haren aurrean makurtzen, eta Sorturen inguruan egondako etengabeko eraso bateria da horren ondorioa. Baldintza berriak bata bestearen atzetik jarri dituzte. Eta torturak eta atxiloketak ere egon dira". Ezker abertzalearen ustez, "Espainiak Euskal Herriarentzat eskaintza politikorik ez duelako gertatzen da hori. Ahuleziagatik egindako urratsak dira".
Gorenak autoa ateratzen duenean —astelehenean atera dezakeela diote Madril aldean—, orduan horri buruzko balorazio zehatzagoa egingo dutela adierazi du Beitialarrangoitiak. Kazetariek galdetu diote ea ETAren indarkeriaz zerbait gehiago esango duten. "Ezker abertzaleak indarkeriari buruz esan beharrekoa esan du. Ozenago esan dezake, argiago ez".
Beitialarrangoitiarekin batera, Txelui Moreno —honek leitu du gaztelerazko idatzia—, Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia, Maider Ziganda, Miren Legorburu eta Agurne Barruso egon dira. Donostiako hotel batean egin dute agerraldia.
Sortuk dio "susmo, aurreiritzi eta ikuspegi politikoetan oinarritu" direla
Sorturen iritziez, berriz, Gorenaren erabakia "Euskal Herrian zabaltzen ari den ilusioari ateak ixteko saio bat baino ez da", eta, horregatik, kritika egin dio Espainiako Gobernuari. Gorenaren erabakiari buruz prentsa ohar bat atera du alderdiak arratsaldeko lauretan. Bostetan prentsaurreko bat egingo zuela iragarri du eguerdian, baina deialdia bertan behera utzi du handik gutxira. Balorazio politikoa egin du; autoa jasotakoan egingo du balorazioa juridikoa.
Batasuna legez kanpoko erakundearen jarraipena delakoan utzi du Gorenak erregistratu gabe Sortu. Honek dio Alderdien Legea betetzen duela. "Estatuaren abokatua zein Fiskaltza, Sorturen legeztatzearen aurka jarririko helegitean ikuspegi juridikoa alboratu, eta susmo, aurreiritzi eta ikuspegi politiko zehatz batzuetan oinarritu dira". Hala, Gorenaren erabakiak "oinarri politikoa" duela deritzo.
Dena dela, Euskal Herria "aurrera" doala dio Sortuk, eta berak ere "normalizazio politikoa" duela xede.
Justizia ministroaren iragarpena
Sortuk orain Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko aukera du —30 eguneko epea dauka—. Udal eta foru hauteskundeak maiatzaren 22an izango dira, eta Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroak esan du Sortu alderdi gisa ezingo dela bozetan izan. "Sortuk Konstituzionalera joko du, baina hau ez da hauteskundeetako babes helegite bat, alderdien erregistrokoa baizik. Dena dela, uste dut Konstituzionalak ahal den azkarrena hartuko duela erabakia". Auzitegi horrek ez du epe zehatzik erabakia hartzeko.
Goreneko 61eko salako hamasei magistratuetatik hiruk boto partikularra eman dute erabakiaren aurka, baina hori "normala" dela iruditzen zaio Caamañori. "Hor ikusten da pluraltasuna dagoela. Gorenak hartu duen jarrera da garrantzitsuena, zuzenbide estatuak funtzionatu egin baitu".
Sorturen estatutuak, "literatura"
Ministroa ados azaldu da auzitegiaren erabakiarekin, eta esan du Sorturen estatutuak "literatura" direla. "Badaude datuak alderdia Batasunaren jarraipena dela egiaztatzen dutenak", haren ustez, eta adierazi du horregatik aurkeztu zutela Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnazioa.
Caamañok ohartarazi du ezker abertzaleko kideak zaintzen segituko dutela, "legea urratuta" beste zerrenda batzuetan sar ez daitezen. Radio Euskadin mintzatu da ministroa.
Hauteskunde epeak
• Alderdien parte hartzea. Hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, alderdiek eta alderdien arteko koalizioek lehendabizi ordezkari orokor bat izendatu behar dute Hauteskunde Batzorde Zentralean. Hauteskunde deialdia egin eta bederatzi egun bete baino lehenago egin behar dute, Hauteskunde Legearen arabera. Ordurako, jakina, alderdiak erregistratuta egon behar du. Udal eta foru bozak aurten maiatzaren 22an izango direnez, tramite hori martxoaren 29tik apirilaren 6ra bitartean bete beharko da. Alderdi berriak hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko du.
• Zerrendak. Deialdia egin eta 15. egunetik 21.era bitartean aurkeztu behar dituzte zerrendak alderdiek, koalizioek edo hautesle elkarteek zerrendak (apirilaren 13tik 18ra). Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnatu ahal dituzte, eta Auzitegi Gorenari eskatu baliogabetzeko.