Adolfo Muñozek ezker abertzaleak eta Bateragune auziko auzipetuek abiatutako bidearen garrantzia nabarmendu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean egin duen deklarazioan. Goizeko 10:30ean hasi da gaur saioa, eta Poliziaren peritu batek deklaratu ostean hartu du hitza Muñozek.
Ezker abertzalearen estrategia aldaketa "garbia" zela esan du Muñozek, eta ELAk ezker abertzalearen hausnarketari buruz balorazio ona egin zuela gaineratu du. Subiranotasunaren aldekoek elkartzeko beharra aldarrikatzen urteak daramatzala ELAk esan du.
Gaur goizeko 10:30ean ekin diote berriro Espainiako Auzitegi Nazionalean Arlando Otegi, Rafa diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serraren aurkako epaiketa. Gaurko saioa garrantzitsua izan da Batasuna berriro osatzeko lanetan zebiltzala dioten txostenak egin zituzten Poliziaren perituek deklaratu dutelako. Frogarik gabe, horien susmoetan oinarritzen da Fiskaltza epaiketarekin aurrera egiteko.
Operazioan atzemandako txosten politikoen irakurketa egin zutela adierazi du lehen polizia-perituak, baina Iñigo Iruin abokatuari erantzunez, txosten horien azterketa perizialik ez zutela egin onartu du. Kontraesan argietan erori da azken polizia-peritua. Esan du, ETAk ez zuela amaitutzat jo ezker abertzalearen baitan emandako eztabaida, eta bide politikoei soilik eutsi nahi zietenekin haserrtu zela, tartean auzipetuak.
Epaiketak bihar jarraituko du, 10:00etan. Etzi ondorioak aurkeztuko dituzte bi aldeek, eta etzidamu azken txostenak eta azken hitzak esango dituzte.