Askotariko erreakzioak eragin dituzte bi agiriek, bai, agirien irakurketa desberdina egin baitute eragileek. Ezker abertzalearen aburuz, ETAk «Euskal Herrian zabaldu den aro berria finkatzeko erabaki sendoa» erakutsi du, eta, Bildu koalizioaren arabera, urrats bat da «indarkeriarik gabeko agertoki baterantz». Aralarrek ez du horrela ulertu, harentzat «etsigarria» baita talde armatuak helarazitako mezua. Antzera juzgatu du EAJk, eta ezker abertzaleak ere «kezkatuta»egon beharko lukeela iritzi dio.
EZKER ABERTZALEA
«Euskal Herrian zabaldu den aro berria finkatzeko erabaki sendoa erakutsi du ETAk»Ezker abertzaleak begi onez ikusi ditu ETAren azken bi agiriak. Hala, ontzat jo diztuzte. Frantziako tiroketaren harira emandako azalpenekin, ETAk su-etenerako konpromisoa «berretsi» duela uste du indar abertzaleak. Gauzak hala, ezker abertzalearen irudiko, zabaldu den aro berria finkatzeko «erabaki sendoa» erakutsi du erakunde armatuak.
Kontrako jarreran ikusten dituzte Espainiako zein Frantziako gobernuak. Egungo egoera «errotik aldatu» eta bide baketsu eta demokratikoen alde egiteko eskatu diete. Bidenabar, eragile politiko orori «maila politikoz aritzeko» esan die ezker abertzaleak, gatazka behin betiko konpontzeko konpromisoak har ditzaten.
BILDU
Atzo argitaraturiko agiriarekin ETAk urtarrilean aldarrikatu zuen su-etena berresten duela uste du Bildu koalizioak. Hala, azken agiria «indarkeriarik gabeko agertoki baten aldeko aurrerapausoa» dela uste dute. Apirileko tiroketak sorturiko zalantzen inguruan, menia egiaztatzeko prozesua abian jartzea «are garrantzitsuagoa» dela deritzo koalizioak. Horretarako, Espainiako eta Frantziako gobernuen inplikazioa eskatu dute.IKERNE BADIOLA
«ETAk politikarekin lotura duen orotik aldendu behar du, eta gai teknikoei soilik eutsi»EAko komunikazio idazkari Ikerne Badiolaren iritziz, Gernikako Akordioko sinatzaileek «argi» esan dute zein izan behar duen ETAren egitekoa. Agertoki politiko berrian erakunde armatuak «politikarekin lotura duen gai guztitik aldendu» behar duela adierazi du eta «gai teknikoetan» dagoela bere egitekoa: «Armagabetzean eta presoetan».
OSKAR MATUTE
«Su-etena hausten ez duen ETAren edozein agiri albiste baikorra da»Euskal Herrian irekitzen ari den bake prozesua egonkortzeko «guztion konpromisoak beharrezkoak» direla esan du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak. «Ezin dira bakoitzaren ardurak besteei leporatu, bakoitzari dagozkionak onartu behar dira, eta horiek betetzeko ahal duen guztia egin beharra dago».
Urtarrilean aldarrikaturiko «su-etena hausten ez duen ETAren edozein agiri albiste baikorra» dela aitortu du. Halere, bere erantzukizunak «besteen gain ez uzteko» eskatu dio erakunde armatuari, eta «dagokiona» betetzeko. Alegia, «indarkeria behin betiko» uzteko. Bake prozesuaren gidari euskal gizarteak behar duela izan, hala gaineratu du Matutek, eta horretarako ETAk utzi egin behar duela «estrategia militar antzua».
Horrez gain, Espainiako eta Frantziako gobernuei ere galdegin die erantzukizunak hartzea. Bake prozesuan parte hartzeko eta hori baieztatzeko konpromisoa hartzeko eskatu die bi gobernuei.
ARALAR
«Bere ekintzen erantzulea da ETA; beren ardura errepresioari egoztea ez da onargarria»«Etsigarritzat» jo du Aralarrek ETAk Frantziako Poliziarekin izandako tiroketaz eman duen azalpena. «Gogoz kontrakoa» izan dela esatea nahikoa ez dela nabarmendu du. Ekintzen eta erabakien «arduradun eta erantzule bakarra» ETA bera dela azpimarratu du, eta, hortaz, ez dela «onargarria» tiroketa Espainiako eta Frantziako gobernuen errepresioari egotzi izana. Erakunde armatuak euskal gizarteari «bakea zor» diola esan du, eta gaineratu Gernikako sinatzaileek erakunde armatuari eskaturiko neurriak ez dituztela hartu. ETAk oraindik ez duela su-etenaren aldebakarrekotasuna aitortu ohartarazi du Aralarrek.
IÑIGO URKULLU
«Bi agiriak betiko gauza berbera dira, ETAren agirien egutegiaren barnean daude»«Kezkatuta». Hala agertu da Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea ETAren azkeneko bi agiriekin. Erakunde armatuak bere jardunaren behin betiko amaiera adierazi ez izanak arranguratu du EAJko kidea. Oharrak «betiko gauza berbera» direla gaineratu du, «aurreikusita dagoen ETAren agirien egutegiaren barnean».
ETAk bidea «luzea, zaila eta gogorra» izango dela esan izanak arduratu du EBBko burua, eta «adi egon» beharko dutela ziurtatu du. Haren aburuz, «zaila da 50 urte baino gehiago duen erakunde batek gauetik goizera atea ixtea». Urte horietan guztietan «txikizioa eta heriotza» besterik ez dutela eragin gaineratu du.
HAMAIKABAT
«Tiroketa justifikatu nahi izateak euskal gizartearen esperantza zapuztu du»Frantziako Poliziarekin izandako tiroketaren harira ETAk plazaraturiko oharrak indarkeriaren amaiera urruntzen duela uste du Hamaikabatek. Gertakaria justifikatu nahi izateak gizarteak su-etenaren inguruan zuen itxaropena «zapuztu» duela adierazi du alderdiak. Ardura Espainiako eta Frantziako gobernuei leporatu izanak ETAk «borroka armatua uzteko duen borondate falta» azaltzen duela nabarmendu du.
EUSKO JAURLARITZA
«ETAk benetan indarkeria amaitu nahi badu, oso erraza du, esaldi bat nahikoa da»ETA «errealitatea bihurritzen» ari dela salatu du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak. Hala, «erasotzaileak biktima bihurtu» direla eta polizia bat zauritu izanaren errua Espainiako eta Frantziako gobernuei egotzi nahi izana deitoratu du. Agiriaren bidez erakunde armatuak erantzukizunik izango ez balu bezala jokatzen duela azpimarratu du. ETAk indarkeria amaitu nahi badu, «oso erraza» duela, «esaldi bat nahikoa» dela esan du Lehendakaritzak, eta bitartean ez direla «tregoan».
PSE-EE
«Guztiok entzun nahi duguna esan gabe dihardute»Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen iritziz, ETAren agiriek ez dute «inongo berritasunik» ekarri. «Guztiok entzun nahi duguna esan gabe dihardute». Haren aburuz, tiroketak agerian utzi du ETAk «ekintza armatuekin» jarraitzen duela. Horregatik ETAren aurka amaierara arte borrokatzen jarraitu behar dela gaineratu du. Javier Rojo Espainiako Senatuko presidenteak adierazi du nahi dituen agiri denak aterako dituela ETAk baina argi dagoela porrot egin duela.
JAVIER DE ANDRES
«Kontraesana da errua Espainiako eta Frantziako gobernuei botatzea»PPk ez die garrantzi handirik eman ETAren bi agiriei. Arabako PPren idazkari nagusi Javier de Andresek «jarraipen» mezua dela adierazi du, eta nabarmendu du ETAren «beste kontraesan bat» dela «terroristei jazartzeagatik» Espainiako zein Frantziako gobernuei egoztea tiroketaren errua.
SERAFIN LLAMAS
«ETAk ez du ez protagonismorik ez lidergorik izan beharezker abertzalearengan»ETAk su-etena berretsi izana berri ona dela uste du Serafin Llamas Ezker Batuko bozeramaileak, baina tiroketaren erantzukizunik hartu ez izana, berriz, berri txartzat jo du. Horrez gain, ezker abertzaleak bide demokratikoak jarraitu ahal ditzan, ETAk «haren autonomia behingoz onartzeko» eskatu du. Horretarako, erakunde armatuak ezker abertzalearengan ez «protagonismorik, ez lidergorik» ez duela izan behar adierazi du. Antzera mintzatu zen herenegun Mikel Arana koordinatzaile orokorra. «Indarkeriaren bidez bere proiektua inposatzeari uzteko ordua» duela esan zion ETAri, eta egin diezaiokeen «ekarpen bakarra desagertzea» dela.