politika

Ezker abertzaleak hilaren bukaeran aurkeztuko ditu alderdi berriaren estatutuak

Txelui Morenoren arabera, "ez litzateke arazorik egon beharko alderdia legezkoa izateko". Etorkizunean indarkeriarik egotekotan, hori Espainiako Estatuarena izango dela dio.

2011ko urtarrilaren 4a
13:45
Entzun
Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak gaur jakinarazi du urtarrilaren amaieran aurkeztuko dituztela euren alderdi politiko berriaren estatutuak. Ezker abertzaleak joan den azaroaren 27an iragarri zuen estatutu horiek Espainiako Alderdien Legea beteko dutela, lege horren "izaera antidemokratikoa" eta haren erabilpen "politiko eta arbitrarioa" den arren. Besteak beste, "indarkeria errefusatu" egingo dute.

Morenok Onda Vasca irrati katean esan duenez, "ez litzateke arazorik egon beharko alderdi berria legezkoa izateko", eta adierazi du ezker abertzalea maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan egongo dela.

Proiektu politiko berri hori "egungo errealitate eta baldintzetatik" abiatuko dela azaldu zuen ezker abertzaleak azaroaren 27ko agerraldian. Independentziaren zein sozialismoaren aldeko konpromisoa agertzearekin batera, norabide horretan urratsez urrats aldaketak eragiteko "tresna gisa" ulertzen dute. Hala, indar subirano eta aurrerakoien" arteko indar metaketa premiazkotzat daukatenez, horren aldeko "proposamen taktikoak" egingo ditu alderdi berriak. Ezker abertzalearen arabera, bi ardatz nagusiren inguruan mugituko da. Batetik, "eskubide guztien errespetuan" oinarritutako bake egoera bat bultzatuko du. Bestetik, "herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea" izango da proiektuaren motor eta bermatzaile bakarra.

Etorkizunean ez dute aurreikusten "alde bateko indarkeriarik", Morenoren arabera. "Agian [Espainiako] Estatuarena bai".

ETAk agiria aterako duela uste du hark, "baina horrek bere denbora eta mugimenduak behar ditu, eta egon egin beharko da". Ezker abertzaleak, Gernikako Akordioaren kide gisa, su-eten aldebakarrekoa, iraunkorra eta egiatazgarria emateko eskatua dio erakunde armatuari irailaren 25etik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.